Binakako Txapelketa
Zutik irautea nahikoa garaipen izan zen Labriten
Ordu eta erdiko partida amaigabe baten ondoren, Xalak eta Pascualek asko sufritu behar izan zuten garaipena lortzeko. Irabazleek, Oinatz Bengoetxeak eta Patxi Ruizek bezala, lehertuta bukatu zuten.
XALA-PASCUAL
Aritz SORZABAL | IRUÑEA
«Txapelketako partida guztiak halakoak izanez gero, bitaminak eman beharko dizkigute. Kriston pasada hartu dugu». Iñigo Pascualen hitzak dira horiek, oraindik izerdi patsetan zegoela egindakoak. Ordu eta erdiko eta ia zortzirehun pilotakadaz jositako norgehiagoka amaituta zegoen ordurako.
Abarzuzakoa onena izan zen Iruñeko Labriten. Beste hiru pilotariek bezala, partida lehertuta bukatu bazuen ere, frontoira hurbildutako ikusleak aho zabalik utzi zituen 20-17koan. Hain zuzen ere, atzoko lehia gogorraren hondarrean, azken hatsa bota eta pilota errebotera bidaltzeko gai izan zen. 4-7koan ere errebotera iritsi zen, baina orduan pilotariak fresko zeuden.
Dena dela, hori ez zen izan atzoko indar erakustaldi bakarra. 13-11koa, adibidez, ikusgarria izan zen. Ia ordu beteko borroka eta gero, Oinatz Bengoetxeak bi paretekin amaiera eman zion 93 pilotakadaz osatutako tantoari. Urdinek ez zuten partida galdu nahi, baina hasieran lortutako abantailarekin jarraitzea ezinezkoa egin zitzaien.
2-7 irabaztetik 13-9 galtzera pasatu ziren, baina partidan sartzea lortu zuten berriro (19-17). Une batzuetan pilota ez zen bosgarren koadrotik pasa. Ez zegoen indar gehiegirik, eta gelditzen zen apurra defentsan baliatu zuten. Bengoetxeak eta Xalak pilota zailak eraman zituzten, baita erremate politak irudikatu ere. Azkenean, Patxi Ruizek pairatu berri duen gripearen laguntzarekin agian, Pascualek erabaki zuen atzean.