Badator elkartasuna eta musika bidelagun dituen Hatortxu Rock-en IX. edizioa
Bederatzigarren edizioa ostegunean abiatuko du Hatortxu Rock-ek, Berriobeitin, eta ohiturari eutsiz, errepresaliatu politikoen aldeko hitzorduan musika kontzertuak nagusituko dira, larunbatean. Berri Txarrak, Narco, Koma, Kauta, Deabruak Teilatuetan, Khamul, Laia, Xopapo, Skt Sekuentzia, Hesian... Berrikuntza gisa, bi beharrean, hiru izango direla guneak.
GARA | DONOSTIA
Nafarroan 1999. urteaz geroztik egiten den kontzertu edo jaialdia da Hatortxu Rock; euskal errepresaliatu politikoen eta haien senideekiko elkartasuna eta musika oinarri dituena. Seigarren edizioa arte, abendu bukaerako larunbat bat hautatzen zen hitzordua antolatzeko, baina gerora urtarrilera pasa zuten, eta bederatzigarren edizioa izango duen hauxe ere, orain dator, bada, datozen egunotan.
Jaialdiko antolatzaileetako bat den Endika Alonsok aurkezpenean azaldu zuenez, ekimena sortu zenetik beti eutsi diote bera «hazteko» erronkari: «Hain zuzen ere, uste baitugu jaialdia zenbat eta handiagoa izan, eskain dezakegun elkartasuna bera ere handiago izango dela». Hori zuten, beraz, aurten ere apostu. Iazko edizioak lortutako arrakasta handia errepikatzea zaila izango dutela jakitun daude, Alonsoren esanetan, baina aurten ere Hatortxu Rock indartsua ospatuko da, Berriobeitin. Hiru egun luze iraungo du, eta edizio berriak, gainera, hiru gune izango ditu oraingoan. Azken hori da, hain zuzen ere, berrikuntzarik handiena, orain arteko hitzorduetan bi karpa baino ezin izan dituztelako baliatu.
GARAren laguntza ere izango duen ekimen hori ostegunean, hilaren 10ean, abiatuko da, Txan Magoak 18.00etatik aurrera eskainiko duen emanaldiarekin. Ostiralerako, aldiz, herri afaria eta Benito Lertxundiren kontzertua zegoen aurreikusita programan, baina bertan behera gelditu da azken hori, «Hatortxurekin zerikusirik ez daukaten arrazoiak direla medio», arduradunek jakinarazi berri dutenez.
Hala ere, nabarmendu dute «inoiz baino gogo handiagoz» egin nahi diotela aurre bederatzigarren edizioari, eta larunbatean hiru guneetako jaialdi erraldoia eskainiko da. «Bai, hiru karpa izango dira, bakoitza bere programazioarekin; horietako bitan aldi bereko zuzeneko emanaldiak izango dira - eta hala, une oroz zuzeneko musika egongo da- eta hirugarrenean, jaialdiaren amaieraz arduratuko diren DJei zuzendutako txokoa izango da», argitu dute.
Zehazki, aipatutako lehenengo esparruan, 22.00etatik aurrera, Euskal Herrian aski ezagunak diren bost musika talde ariko dira aldarrikapena erritmoz janzteko: bederatzi urteren ostean berriz ere buelta diren eta disko berria dakarten Deabruak Teilatuetan; Kauta, geldirik egon arren, jaialdian jotzeko prest agertu dena; ezbairik gabe egun herri honetako talderik garrantzitsuenetako bat den Berri Txarrak, bere ibilbideko hilabeterik bizienak jasotzen dituen DVDa arrakastaz kaleratu berri duela; Koma, hau ere lan berriarekin («Sakeo»); eta Narco talde sevillarra, bost urte jo gabe egon ostean bere lehenengo kontzerturako Hatortxu hautatu duena.
Bigarren karpa, batik bat, «balore berriak topatu nahi dituztenek» izango dute topagune. 21.00etatik aurrera, ezezagunagoak izanagatik kalitatezko musika eskaintzen duten beste bost talde izango dira protagonistak. Khamul, Laia, Xopapo, Skt Sekuentzia eta Hesian. Hatortxu Rock-ek Euskal Herriko musikaren etorkizuna izan daitezkeenei «bultzada txikia» emateko hautua ere egiten duen seinale.
Eta, azkenik, aurreratu dutenez, hirugarren gunea DJen txokoa izango da, jaialdiaren amaieraz arduratuko direnena, alegia. Oholtza gainean, DJ Elepunto, DJ Talo, DJ Putxero eta DJ Nari.
Lehengo aldarrikapena, bizirik
Bederatzi urteko ibilbidearen ondoren ere, «Hator, hator neska mutil etxera!» leloak jarraitzen du izaten jaialdi honen euskarri nagusia. «Hau jaialdi bat baino gehiago da -gogorarazi du Endika Alonsok-, elkartasun hitzordua ere bada-eta. Uste dugu jendeak aukera polita duela gau interesgarria, kontzertuz betea eta jai giroa bizitzeko, bide batez errepresaliatuen kolektiboari elkartasuna helaraziz».
Errepresaliatu politikoen aldeko aldarrikapenak, tamalez, egun ere indarrean jarraitu beharra duela aipatuta, hitzordurako herritarren parte-hartzea eta inplikazioa eskatu dute.
Estilo eta ibilbide ezberdinetako taldeek egingo dute bat Berriobeitin. «Hator, hator neska mutil etxera!» aldarrikapenak batuko ditu oro berriro, antolatzaileek «musikaren eta elkartasunaren neguko jaialdi erraldoi» hitzekin definitu duten hitzorduan.