GARA > Idatzia > Euskal Herria

Omenaldia eskaini diete hildako hiru eskiatzaile gazteei

Eskiatzen ari zirenean gertatutako elur-jausiaren ondorioz herenegun zendu ziren hiru eskiatzaileen omenez minutu bateko isilunea egin zuten atzo eguerdian Formigalgo eski estazioan. Arratsaldean, Iñigo Zurita eta Daniel Osanbela donostiarren gorpuak Urantzira eta Donostiara eraman zituzten, hileta elizkizunak bertan egingo baitzaizkie.

p022_f01.jpg

GARA |

Elur-jausi batek azpian harrapatuta herenegun hil ziren hiru eskiatzaileei omenaldi hunkigarria eskaini zieten atzo Formigalgo eski estazioko eskiatzaileek eta langileek. 12.00etan eskiguneko jarduera erabat gelditu zen; ibilgailuak geldiarazi zituzten eta han bildutako guztiek minutu bateko isilunea egin zuten hildakoen omenez. Amaitzean, txalo beroa eskaini zieten hildako eskiatzaile gazteei. Era berean, Aramon taldeko gainerako eski estazio ere zendutakoak oroitarazi zituzten.

Eskiatzaile eta eski guneko langileez gain, hildako gazteen senideak eta lagunak ere omenaldian egon ziren. Gainera, Aragoiko Gobernuko Hezkuntza sailburu Eva Almunia eta Espainiako Eski Eskolako ordezkariak, besteak beste, omenaldian agertu ziren.

Herenegun gauean Jacako erietxean autopsia egin ostean, hildako eskiatzaile gazteen gorpuak hobiratuko dituzten lekuetara eraman zituzten atzo arratsaldean. Daniel Osanbela 36 urteko gaztearen gorpua Donostiako Zorroaga beilatokira eraman zuten eta haren hileta elizkizuna, ziurrenik, astelehenean egingo da. Iñigo Zuritarena berriz, Urantzira eraman zuten senideak hangoak direlako. Herri horretako parrokoak azaldu zuenez, Zuritaren hileta elizkizuna gaur eguerdian egingo da herriko Andre Mari elizan eta, ondoren, gorpua familiaren panteoian hobiratuko dute, bere amonaren ondoan. Zurita familiako kideak oso ezagunak dira herrian, bertara sarri joaten baitira oporretan. Atzo, tristura eta amorrua nagusi zen herrian, bizilagunek ezin zuten-eta gertatutakoa sinetsi.

Iñigo Zurita Goñi Donostian jaio zen, baina hilabeteak soilik zituela gurasoekin Gasteizera joan ziren bizitzera, eta bertan igaro zuen haurtzaroa, 18 urterekin Madrilera ikastera joan zen arte. Han egon zen ikasketak egiten eta, ondoren, lanean. Formigaleko eski estazioko langile Miguel Angel Rodriguezen gorpua berriz, bere jaioterrira, Zaragozara, bidali zuten, eta gaur hobiratuko dute Torrero hilerrian.

Istripua herenegun goizean gertatu zen, 10.30 aldean. Dirudienez, Donostian jaiotako bi eskiatzaileak beste bi lagunekin batera Formigalgo pistetatik kanpo eskiatzen ari ziren elur-jausi bat gainean erori zitzaienean. Beste bi eskiatzaileek onik irtetea lortu zuten, eta segituan jakinarazi zieten larrialdi zerbitzuei gertatutakoa. Eski estazioko arduraduna den Aramon taldeak adierazi zuenez, zorigaitza gertatu zen unean, Miguel Angel Rodriguez estazioko langilea, marketing eta komunikazio kanpaina baterako argazkiak egiten ari zen.

Abisua jaso bezain laster, Guardia Zibilaren mendi taldea, suhiltzaileak eta 061 mediku zerbitzua elur-jausiak harrapatutako gazteak bilatzen hasi ziren. Hala, 12:00 inguruan lehen eskiatzailea erreskatatu zuten, eta hogei minutu geroago beste bat aurkitu zuten. Artean, bizirik zeuden biak. Medikuak ahal izan zuten guztia egin zuten arren, azkenean hil egin ziren, ordea. Hirugarren eskiatzailearen gorpua minutu batzuk geroago topatu zuten.

Jacako Guardia Zibilaren Mendi taldeko teniente Pedro Garijok adierazi zuenez, erreskate-lanak «azkarrak eta eraginkorrak» izan ziren. Orain istripuaren arrazoiak «ikertzen» ari direla jakinarazi zuen eta, era berean, eskiatzaileei «mendian erne ibiltzea» eskatu zien. «Azken egunotan elur asko erori da eta horregatik ez da komeni pistetatik urrun eskiatzea, mendia ez dago egoerarik onenean».

Estazioko pistetatik kanpo

Esan bezala, hildako gazteak Formigaleko eski estazioko pistetatik kanpo eskiatzen ari ziren, elur-jausia gainera etorri zitzainean. Formigalgo estazioko zuzendari Antonio Jericok nabarmendu zuen istripua gertatu zen lekura «eskiatzen» iritsi daitekeela, baina ez dela erraza bertara ailegatzea. Hala, gogorarazi zuen eski estazioko langileek pistak ireki baino lehen «horien egoera» aztertzen dutela, segurtasunez zeinetan eskiatu daitekeen jakiteko. Gogorarazi zuen istripua gertatu zen egunean ez zirela hainbat pista ireki, «elur-jausiak gertatzeko arriskua» zegoela aintzat hartuta.

Bestalde, Valdesqui eski estazio madrildarreko zuzendari Agustin Ramirezek jakinarazi zuen askotan eskiatzaile trebeek gustuko izan ohi dutela estazioko pistetatik kanpo eskiatzea, baina horrek «sekulako arriskua» dakarrela ohartarazi zuen. «Eskiguneetatik kanpo dauden pistak ez daude balizatuak, ezta segurtasunez eskiatzeko prestatuta ere. Horietan edozer gauzarekin topo egin daiteke: harriak, harkaitzak, elurrak izkutatutako ibaiak, sakanak edo elur-jausiak, besteak beste», jakinarazi zuen Ramirezek. Haren iritziz, eskiatzaileek «bertan sekulako arriskua dagoela dakiten arren», zanpatu gabeko elurraren gainean eskiatzeko gogoak «bertan sartzera» bultzatzen ditu.

Valdesqui eski estazioko ardunaduraren aburuz, «pistetatik kanpo ez dago inolako segurtasunik, ezta kontrolik ere». Hala, «arriskua bertan dago, baino askotan ez dugu ikusi ere egiten», ohartarazi zuen Agustin Ramirez zuzendariak.

Daniel Osanbela eta Iñigo Zurita gazte donostiarrak oso lagun ezagunak ziren Formigaleko eski estazioan, ia astebururo han biltzen ziren eta eskiatzera joaten baitziren. Dirudienez, hildako hiru eskiatzaileek elkar ezagutzen zuten, baina zorigaitza gertatu zen unean, Miguel Angel Rodriguez Formigaleko langilea ez zen besteekin eskiatzen ari, marketing eta komunikazio kanpaina baterako argazkiak egiten ari zelako. Hirurak oso ezagunak ziren Formigalen, esan bezala, luzaroan ibili baitira han eskiatzen.

«33 urte eskiatzen»

Daniel Osanbela Etxeberriak 36 urte zituen, eta hiru urte zituenean hasi zen eskiatzen. Zaletasun hori gurasoengandik jaso zuen, txikitatik haiekin eskiatzera joaten baitzen.

«Eskiatzea oso gustuko zuen, eta urteak aurrera egin ahala, eskiatzaile aditua bihurtu zen. Oso trebea zen eskien gainean. Dena den, ez da batere harritzekoa, izan ere, 33 urte eskiatzen igaro baitzituen», gogorarazi zuen hunkiturik hildakoaren lagun batek.

Daniel Donostiako Amara auzoan gurasoekin bizi izan zen haurtzaroan eta gaztaroan, baina gaur egun, Donostiako bertako Aiete auzoko Melodi urbanizazioan bizi zen. 36 urteko gazteak bere aitaren pausoak jarraitu zituen eta argiketaria zen ogibidez. Electricidad Osambela enpresaren jabea zen. Bera baino gazteagoa zen anaia bat ere bazuen Danielek.

Gainera, Daniel Osanbela, Donostiako Herrera auzoko Mendizaleak mendi taldeko bazkidea ere bazen 2004ko abendutik. Haren senitartekoek adierazi zutenez «hiru urte zituela hasi zen eskiatzen eta oso eskiatzaile trebea zen». Tamalez, hau ez da Mendizaleak taldeko kide batek mendian bizitza galtzen duen lehenengo aldia. Duela zortzi urte, 2001eko otsailean, Juan Carlos Asurmendi mendigoizalea Moncay mendian hil zen istripu bat izan ostean. Asurmendi, mendi taldeko bazkidea izateaz gain, presidentea ere izan zen denboraldi batez. Dena den, eskia ez zen Danielen zaletasun bakarra. «Gehien gustatzen zitzaiona eskiatzea zen, baina mendi bizikleta ere oso gustoko zuen», gaineratu zuen Danielen lagunak.

Daniren (hala deitzen zuten bere lagunek) senideek bazuten etxea Formigalen. Astebururo bertara joateko ohitura zuten eski estazioan eskiatzen ibiltzeko. Dena den, horren zaletasunak mutila Aragoiko eski estazioetatik harago eraman zuen. «Munduko ia eski estazio guztiak ezagutzen zituen. Behin baino gehiagotan Alpeetan egon zen, eta udako oporretan, Kanadara edo Argentinara joaten zen eskiatzeko», jakinarazi zuen lagunak.

Gazte donostiarrak, eskiatzaile trebe anitzek egiten duten bezala, pistetatik kanpo ibiltzea gustuko zuen, era horretan arriskua hurbil ikusten baitzuen. Tamalez, herenegun arrisku hori zorigaizto bihurtu zen.

«Lehen mailako eskiatzailea»

Daniel Osanbela bezala, Iñigo Zurita ere oso eskiatzaile trebea zen. Honek ere txikitan ikasi zuen eskiatzen. Bere lagunek esandako hitzetan, egun, Iñigo «lehen mailako eskiatzailea» zen. 1970ean jaio zen Donostian, baina segituan Gasteizera eraman zuten bere gurasoek.

Miguel Zurita fiskal donostiarraren eta Maria Amparo Goñi iruindarraren semea, Gasteizeko La Florida parkeko pisu batean hazi zen bere lau anai-arrebekin batera. 18 urte bete zituenean Madrilera ikastera joan zen Iñigo. Ekonomia eta enpresa zientziak ikasketak bete zituen, eta ikasketak amaitu ondoren, Madrilen geratu zen lan egiteko. Egun, neska galiziar batekin ezkonduta zegoen eta hiru seme zituen.

Bere lehengusinak nabarmendu zuenez, Iñigo Zurita «oso mutil alaia eta irekia zen, familiako atseginena ziurrenik». Bere lagunek berriz, goraipatu nahi izan zuten gaztea «oso langilea eta aditua» zela. «Benetan mutil azkarra eta trebea zen bere lanean», adierazi zuten.

Iñigok ere benetan atsegin zuen arriskua hurbiletik ikustea. Zaletasun horregatik behin baino gehiagotan ezbeharren bat izan zuen eskiatzen zebilenean. «Behin, Kandantxun eskiatzen zebilela, pitzadura batean erori zen eta helikopteroz erreskatatu zuten», esan zuten.

hileta elizkizunak

Iñigo Zuritaren hileta elizkizuna Urantziko Andra Mari elizan egingo da gaur 12.00etan, eta ondoren, bere amonaren ondoan hobiratuko dute. Daniel Osanbelaren hileta elizkizuna ziurrenik astelehenean egingo da Donostian.

eskiatzaile trebeak

Hildako hiru gazteak eskiatzaile trebeak ziren, eta oso ezagunak Formigalgo eski estazioan, urte asko baitzeramatzaten bertan eskiatzen. Dirudienez, hirurek elkar ezagutzen zuten, eta elkarrekin joaten ziren eskiatzera.

Mendigoizalea

GARAk jakin ahal izan duenez, Daniel Osanbela eskiatzaile gazteak hiru urte zeramatzan Donostiako Herrera auzoan egoitza duen Mendizaleak mendi taldeko bazkide izaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo