Liga Federala
Nafarroaren berdinketa izan da emaitza on bakarra
Donibane Lohizunek eta Maulek ez zituzten neurketa txarrak egin, baina bakarrak ere ezin izan zuen emaitza onik atera, eta galdu egin zuten
Jon LEUNDA | BAIONA
Asteburu oso beltza izan da Liga Federaleko Lehen Mailan ari diren hiru euskal taldeentzat. Nafarroak lortu du emaitzarik onena, baina hori ere ez zen emaitza ona izan, berdinketa besterik ez baitzuten lortu.
Nafarroak gaipena behar zuen atzeko postu horietatik apur bat aldentzeko, baina ez zen posible izan, nahiz eta lau puntuak oso gertu izan zituen ia partida osoan. Amaieran, 3-3 erakusten zuen markagailuak, horrekin dena esanda dago, partida ez baitzen oso handia izan.
500 ikusle inguru batu ziren Baigorriko zelaian, han jokatzea egokitzen baitzitzaien asteburu honetan. Etxeko partidak txandaka jokatzen dituzte, Donibane Garazin eta Baigorrin. Nafarroa Behereko taldea lehen minututik ahalegindu zen emaitza ona lortzen, baina erasoan ez zuten asmatzen. Atzean, bai, sendo aritu ziren, kanpotarren ahaleginak azkar ezabatzen zituzten, baina aurrera begira ezer gutxi egiten zuten. Azkenean, zigor baten ondorioz, Iturririak, 3-0 aitzineratu zituen euskaldunak.
Hortik aurrera ere, gauzak ez ziren gehiegi aldatu, eta partida emaitza horrekin amaituko zela zirudien arren, neurketa amaitzeko lau minutu falta zirenean, kanpotarrek berdinketa lortu zuten beste zigor bati esker.
Okerragoa izan zen, ordea, Donibane Lohizuneri gertaturikoa, 15-13 galdu baitzuen Lurdaren zelaian, gehiago izan ziren arren. Ostikoekin ez zuten asmatu, eta hortxe joan zitzaien garaipena. Lehen zatian etxeko taldea hobeto aritu zen, aukera gehiago izan zituen, baina lortutako puntu guztiak ostikoen bidez lortu zituen. Gorri-berdeek ez zituzten aukera gehiegi izan, baina zigor bati esker, Elizondok lehen hiru puntuak lortu zituen lapurtarren alde, eta Lurda, 9-3 aurretik zela joan ziren atseden hartzera
Bigarren zatian, ordea, gauzak erabat aldatu ziren. Lapurtarrek erasora jo zuten, garaipena nahi zuten, eta aukerak ere sortu zituzten. Horietako bitan, bi entsegu egin zituzen, gainera, biak egin zituen Sigaudek. Jaurtiketekin ez zuten asmatu, ordea, eta hortxe galdu zituzten garaipenak eman ahal izan zizkien lau puntuak. Azkeneko minutuetan ere izan zituzten aukerak, baina defentsan lortutako puntu gehigarriarekin konformatu behar izan zuten.
Bosgarren multzoa
Bosgarren multzoan ere gauzak ez ziren ongi joan,Maulek galdu egin baitzuen. Zuri-gorriek ere garaipena behar zuten, baina esku hutsik itzuli ziren, puntu gehigarria lortzeko ere gai ez zirela izan, ondorioz, jaitsierako postuetatik lehen baino gertuago dago orain talde zuberotarra.
Aldez aurretik, denek zekiten norgehiagoka benetan zaila izango zela, Lannemezanen zelaian jokatu behar baitzuten, baina itxaropentsu joan ziren bertara mauletarrak, nahiz eta partida bukatzerako, ezer gabe geratu ziren, 27 eta 7ko emaitzakaskarrarekin galdu zuten.
Emaitza ikusita, argi geratzen da euskaldunek ez zutela ezer egiteko aukera gehierik ukan, eta etengabe etxekoen mende egon behar izan zutela. Entsegu bat tanto bihurtzea lortu zuten zuri-gorriek, baina azkenik, atzo arratsaldeko norgehiagokatik bestelako etekinik ateratzea ez zuten lortu.
Garbi dago lau taldeek dezente hobetu beharko dutela hasierako helburua lortu ahal izateko. Lapurtarrek igoera fasea jokatu nahi dute, eta zuberotarren eta Nafarroa Beherekoek, aldiz, mailari eusteko asmoa agertu dute hasieratik, eta horretan ari dira.
Sailkapenari begira jarrita, Donibane Lohizune da ongien sailkatuta dagoen taldea. Gorri-berdeak une honetan seigarren daude, multzoko laugarren postuan 25 punturekin. Multzo horretan dago Nafarroa ere, baina haien egoera larriagoa da, azken bigarren baitago 14 punturekin.
Bosgarren multzoan, berriz, Maule seigarren postuan dago, zuberotarrek 16 puntu dituzte.