Europako lehiaketak
Biarritzek larunbatean jokatuko du Saracensen aurkako partida erabakigarria
J.L. | BAIONA
Jadanik eman dira ezagutzera datorren asteburuan jokatuko diren Heineken kopako eta European Challengeko partiden ordutegiak.
Lehiaketa hauetan Euskal Herriak dituen bi euskal talderik garrantzitsuenak ari dira jokatzen, baina bietan jokoan gehien duena Biarritz da. Bera da Heineken Kopan ari den taldea, baina horretaz gain, final-laurdenetako txartela izango du jokoan. Zuri-gorriek derrigorrez irabazi behar dute Saracensen zelaian, eta hori larunbatean izango da, 15.30etik aurrera.
Partida hori, gainera, Euskal Herritik ere ikusi ahal izango da, France 2 telebista kateak eskainiko baitu zuzenean. Lapurtarrek nahi eta nahi ez irabazi behar dute, bestela asko okertuko zaie hurrengo fasea jokatzeko txartela.
Dena dela, hasiera baldar samarra izan zuen talde lapurtarrak, baina apurka-apurka ari da gorantzako bidea hartzen. Euskaldunak ez dira ingelesak baino gutxiago, beraz, larunbatean irabaziko duten itxaropen osoa dago bai Euskal Herrian, bai Biarritzen ere.
Aviron, European Challenge ari da jokatzen, baina hauek bai ez dutela ezer egiteko inongo aukerarik, orain arte jokatutakoetatik partida bakarra besterik ez baitute irabazi, eta oraingo helburua, falta diren bi partidak irabaztea izango da.
Montpellier da hurrengo aurkaria, eta Baionan, Jean Dauguer zelaian jokatuko da datorren larunbatean, 19.45etik aurrera. Norgehiagoka hau Frantziako Eurosport telebista kateak eskainiko du zuzenean.