GARA > Idatzia > Kultura

«Zinema eta literaturatik etortzen zaigu geure buruaz hitz egiteko inspirazioa»

p048_f01_148x152.jpg

Alberto Irazu

captain nemo taldeko gitarra jolea

Gurean loraldi berria bizi duen punk rockak eskola sortua du Lazkao eta Donostia bitartean. Hurbil kokatzen da Captain Nemo taldea ere, Bukowski taberna bigarren etxe duena. Metak zigiluarekin «Korrontearen kontra, urpekari bat» debuta plazaratu zuten 2004an. Orain, bi urteko isilunearen ostean eta taldekide berriekin, «1280 Euskal Hiria» autoekoiztu dute, literatura eta zinema oinarri.

Anartz BILBAO | BILBO

Captain Nemo rock talde donostiarrak bi urte inguru igaro ditu itsaspekotik atera gabe, autoekoiztu berri duten «1280 Euskal Hiria» bigarren lana prestatzen. Gu Alberto Irazu gitarra jolearekin solastu gara, taldearen berri izateko.

Zertan da Nautiluseko tripulazioa egun?

Beti bost lagun izan gara Captain Nemon. Xavier Lekuona da abeslaria eta Josu Errasti eskoriatzarra gitarra jolea. Alberto gitarra jolea eta Karlos bateria jolea, Irazu anaiak, gara beste partaideak. Bestalde, orain arte Lander Toledo baxu jotzaile aritu da gurekin, baina orain taldea utzi behar izan du. Aurrerantzean, Josuk gitarra utzi, eta baxua hartuko du; eta luxuzko fitxaketa egin dugu bigarren gitarran, Xabi Señor No.

Bi urte daramazue lan berria prestatzen, zuzenean jo gabe.

Bi urte eman ditugu lokalean, larunbatero entseatuz eta abestiei buelta asko emanez. Ez da erraza taldeko partaideak elkartzea, izan ere, gure erritmo propioa dugu gauzak egiteko. Otsailerako jada, errepidean izango gara berriro ere, Xabi Señor Norekin, gogor.

Jules Verne idazlearen pertsonaia ospetsuak eman dizue izena. Litertura zaleak zarete?

Jules Verneren lanik ospetsuena da «Vingt mille lieues sous les mers», eta nobela zoragarri horretako protagonista, Nemo Kapitaina, ikono unibertsal bihurtu da. Oso zinemazaleak gara, eta gure lehen kontzertua gainean genuela Richard Fleischer zinegilearen «20000 leagues under the sea» (1954) film ederra eman zuten telebistan, beraz, izen horixe aukeratu genuen: Captain Nemo.

Atzera begira, nola ikusten duzue «Korrontearen kontra, urpekari bat», taldearen debuta?

Oso positiboa izan zen guretzat, besteak beste, geure burua ezagutarazteko aukera izan genuelako eta hamaika kontzertu eman genituelako. Hala ere, lehen diskoan taldea ez zegoen erabat eginda oraindik, hori nabaritu egiten da, konposizioetan, soinuan eta hitzetan. Hala ere, oro har, oso pozik geratu ginen bai diskoarekin bai jendeak eman zigun erantzunarekin.

«1280 Euskal Hiria» aurkeztu duzue orain («Pop. 1280», Jim Thompson). Nautilus urpekotik sheriff korruptoetara, literatura oinarri berriro?

Gauza bitxia da, musikari askok beren barrura edo inguru hurbilera begiratzen dute hitzak idazteko. Guri aldiz, askotan beste iturri batzuetatik etortzen zaizkigu inspirazio iturriak, nahiz eta azkenean geure buruaz edo inguruneaz hitz egiten dugun. «1280 Euskal Hiria» tituluak Jim Thompsonen maisulanari egiten dio erreferentzia, eta bere protagonista nagusiari, Nick Corey sheriff ustelari. Hori esanda, argi dago non kokatzen garen Euskal Hiria kontzeptuaren inguruan sortu den diskurtso osoaren erdian.

Zer eskaintzen du lan berriak.

Guk begibistako lotura ikusten dugu bi lanen artean. Ordutik hona, gauza batzuk ez dira batere aldatu kantuei begiratzeko moduari dagokionez. Hala ere, disko honetan aurrekoan baino erritmo azkar gutxiago dago, sendoagoa eta ilunagoa da.

Autoekoizpena. Zergatik?

Musika mundua ez dago sasoirik onenean, eta gainera, nork egingo du lan gehien Captain Nemoren alde Captain Nemok berak baino? Guk egitea erabaki genuen eta pozik gaude hartutako erabakiarekin.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo