GARA > Idatzia > Gutunak

Bea Migelena, Eduardo Conde, Joseba Lasarte, Modesto Maia, Urko Ikardo Lesakako Euskara Batzordearen izenean

Igor Portu eta Mattin Sarasolaren egoeraz

Igor Portu eta Mattin Sarasola makina bat lan eginak dira euskararen alde. Igor, gainera, Lesakako Euskara Batzordeko kide da. Hori dela-eta, hunkituta gaude eta, atxiloketen eta ondorengo gertakarien harira, honako hau adierazi nahi dugu:

1-Igor, ospitalean zaude oraindik, zainketa berezien gelan. Gure besarkadarik beroena sentitu ezazu, bihotzez bidaltzen dizuguna. Bortizki jipoitu zaituzte, zure bizitza arriskuan jartzeraino. Azkarra zara baina, eta zauri larri horiek laster osatzea opa dizugu. Gorputzeko orbanak aste batzuen buruan sendatuko dira, gogo-arimakoak, berriz, zailagoak izanen dira desagerrarazten. Animo! Beti bezain gogotsu nahi zaitugu, irribarrea ahoan, lanerako prest eta gainezka duzun energia horrekin!

2-Mattin, hagitz kezkatuta gaude zure egoeragatik. Madrila ailegatu zinenean ubelduak eta markatuak zenituen gorputzeko hainbat tokitan. Inkomunikazio aldia ortziralera arte luzatzeko eskaria ontzat eman zuen epaileak eta ziega-zuloan jasotzen ariko zaren tratuari buruz beldur gara.

3-Gure elkartasuna eta besarkada bero bana helarazi nahi dizuegu Igor eta Mattinen guraso, senide, lagun eta ingurukoei. Une latz hauetan zuen ondoan gaituzue. Gure boza zuen eskakizun ozenari gehitu nahi diogu; inkomunikazio aldia bertan behera gelditu dadila, epailearen aitzinera lehenbailehen eraman zaitzatela, eta konfiantzako abokatu eta sendagilearekin egoteko aukera izan dezazuela berehala.

4-Espainiako agintariek emandako azalpenak ez ditugu sinisten. Ederki aski dakite zer gertatzen den euren ziega-zuloetan, eta benetako borondatea balute horrekin bukatzeko, tratu txarrak, tortura eta zigorgabetasuna baimentzen dituen tunel iluna, inkomunikazioa, bertan behera utziko lukete. Aurrekari aunitz ditugu eta horietako batzuk hagitz hurbilekoak. Oraingo honetan, ordea, azalera ageri da bertzeetan «estalpean» gelditzen den krudelkeria, jakina eta begi bistakoa izanagatik; Igor bortizki jipoitu dute eta bere bizia arriskuan zatekeen-eta berehala artatu ez balute.

Tratu txar eta torturekin amaitu beharra dago. Horregatik, Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren eskubideak errespetatu daitezen galdegiten dugu eta torturaren eta inkomunikazioaren kontrako mobilizazio deiekin bat egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo