Kukubiltxo: estreinaldia eta urteurren berezia Zornotza aretoan
GARA | BILBO
Euskal antzerkigintzako konpainia beterano batek 2008a aukeratu du bere ibilbidean aldaketa sakona egiteko. Taldea Kukubiltxo da eta bere 30. urteurrena «ospatzeko» ikusle helduei zuzendutako lehenengo antzezlana, «Haritzaren azalera zehatza» titulua duena, estreinatuko du otsailaren 29an Zornotza aretoan.
Estreinaldia Bizkaiko antzoki honek datozen hilabeterako prestatu duen egitarauaren «izarra» dela esan genezake. Areto berak ekoizpenean parte hartu du. Aristides Vargas Ekuadorko Malayerba antzerki taldearen zuzendari argentinarrak zuzenduko du lana -probasaioak bertan egin zituzten iaz, Quiton-. Fran Lasuenek jarriko dio musika antzezlanari eta Rosalinda Incardona irudigileak edukiko du ikuskizunaren ardura plastikoa.
Espiak eta musika
Antzerkiarekin jarraituz, hau ere otsailean, baina 8an, Daniel Veronese argentinar zuzendariaren «Espía a una mujer que se mata» umore garratzez betetako antzezlana izango da ikusgai. Kritikariek asko goraipatu dute ikuskizun hau Madrilgo aretoetan izan ondoren.
Musikari dagokionean, antzokikoek oso aipagarritzat jo dute Waldemar Vastos angolar abeslariaren bisitaldia. David Byrne-ren eskutik World Music zirkuituetan izandako partehartze aipagarriaren ostean, «Renascense» izeneko bere azken diskoa aurkeztuko du. Era berean, Emakume eguna dela eta, «Wad Ras» (Bartzelonako emakumezkoen kartzelaren izena) dantza ikuskizuna eskainiko du Increpacion Danzak. «Wad Ras»-ek kartzelako frustrazioa eta bakardadea islatu ditu flamenko tradizionala estetika garaikidearekin elkartu dituen ikuskizunean.
Programatutako gainontzeko ikuskizunen artean izango dira haurrentzako hiru antzezlan («Inalambrikak», «Galipotx» eta «Zer duzu Marie?») eta, berritasun modura, zine klasikoaz zikloa Arkaitz Basterra zornotzar zuzendariak aurkezturik.