Urrezko Aizkora
Final laurdenetarako azken bikoa zein den ezagutuko da
Miel Mindegia eta Jon Rekondo Fausto Mugertzaren eta Joxejuan Barberenaren aurka neurtuko dira etzi eguerdian Lekunberriko pilotalekuan
Jonn LEUNDA | DONOSTIA
Urrezko Aizkorako lehen fasea bere amaierara heldu da, eta etzi jakingo da final laurdenetan izango den azkeneko bikoaren izena zein den. Izan ere, 12.30etik aurrera jokatuko baita Lekunberriko pilotalekuan fase horretako azken ekinaldia.
Bertan, Mindegia-Rekondo Barberena-Mugertza I.aren aurka neurtuko dira. Irabazten duenak multzoko bigarren postua lortuko du, eta horrekin batera hurrengo fasean izateko txartela ere bai. Multzo horretako beste bikoa Larretxeak eta Atutxa II.ak osatzen dute, baina horiek sailkatuta daude, bi saioak irabazi baitituzte.
Etziko neurketa horretarako, Mindegia eta Rekondo izango dira faborito. Ezkurrako aizkolari beteranoak sasoiko dagoela argi eta garbi utzi zuen pasa den igandean egin zuen marka saiakeran. Rekondo nola dagoen, berriz, ikusi egin beharko da. Orain dela hiru aste Otaegiren aurkako apustua galdu zuen arren, pentsatzekoa da, dagoeneko gaindituta izango duela.
Barberenarentzat eta Mugertzarentzat lehen saioa izango da. Estreinekoa jokatzeari uko egin behar izan zioten, mutrikuarra min hartuta zegoelako. Osatu da jadanik, eta ahaleginduko da garaipena erdiesten. Gainera, proba irabazten baldin badute, Mugertzak bere semearen aurka jokatu beharko du final laurdenetan, izan ere, garaipena lortzen duen bikoak, Nazabalen eta Mugertza II.aren aurka jokatu beharko baitu.
Etzi, Lekunberrira doan ikusleak, gainera, ez du helduen mailako saioa bakarrik izango ikusgai, egun berean, bertan izango da-eta gazteen mailako norgehiagoka ere bai. Alde batetik Larretxea lehengusuak arituko dira, eta bestetik Saralegi-Olano. Larretxeatarrak izango dira neurketa irabazteko faboritoak. Eskarmentua ere besteek baino handiagoa dute, eta adin hauetan horrek asko balio izaten du. Bi bikoentzat estreineko norgehiagoka izango da.
Desafioa
Bihar jakingo da Tolosan, Arrospidek apusturik egiten duen ala ez. Leaburukoak Gabonak baino lehen bota zuen apustua, eta berak dioenaren arabera, prest dago sei oinbikotara jokatzeko. Hori bai, hiru zutik eta hiru etzanda beharko omen luke izan. Bera, 6.000 eurotik 9.000 eurora arte dirutan jokatzeko prest legoke, eta martxo inguruan jokatuko litzateke apustua. Bihar, 19.30etik aurrera Tolosan egongo da bera, Kantabriko tabernan.
Azken egun hauetako zurrumurruen arabera, badirudi Donato Larretxea, behintzat, agertzeko prest dagoela. Gero ikusi egin beharko da apustua gauzatzen den ala ez, baina badirudi bakarren bat agertuko zaiola Anjel Arrospideri.
Berrituan abiatuko da etzi, 11.00etatik aurrera Euskal Herriko Sokatira Txapelketa. Sokatiraren egoera nahiko larria da une honetan, eta hori baieztatzeko, aurtengo txapelketan izena eman dutenen zerrenda ikusi besterik ez dago: inoiz baino talde gutxiago arituko dira.
Hasteko, 640 kiloko lehiaketa egingo da, eta honako talde hauek izango dira: Amaiur, Ñapurrak, Abadiño A, Abadiño B, Uztaritze eta Berriozar.
Pisu honetan bada, ordea, azken orduko aldaketa bat. Sokarri taldea parte hartzekotan zen, baina azken orduan lehiaketan ez izateko erabakia hartu du, eta pisu honetan sei talde izango dira, nor baino nor .
J.L.
Etzi Lekunberrin garaipena lortzen duen bikoak badaki jadanik final laurdenetan noren aurka jokatu beharko duen, izan ere, Nazabal eta Mugertza II.a zain baitauzkate garailearekin indarrak neurtzeko
Helduen neurketarekin batera, gazteen saio bat ere ikusi ahal izango da. Bertan, Larretxea lehengusuak Saralegiren eta Olanoren aurka neurtuko dira. Lehen bikoa aterako da irabazteko faborito