GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Amaren errietarik ere ez...?

Lehengoan Gasteizen gizon batek zortziehun euro xahutu omen zituen txanpon-makinetan. Ez da bakarra, ezta denborapasa horretan diru gehien galdu duena ere. Etxean kargu hartuko ziotelakoan, nonbait, eta zer esan ez zekiela, aitzakia bat asmatu zuen, baina hura gehiegi konplikatzen hasi zitzaion. Ertzaindegira jo eta bahitu egin zutela kontatu zien borradunei. Polizia ez da inozoa, ordea, eta berehala idoro zuen salaketa faltsua zela.

Amaren dirua litxarreriatan gastatu duen umea etorri zitzaidan gogora. Hark ere asmatuko zuen zerbait eta amak (polizia izan gabe, baina ezta tuntuna ere) berehala egia jakingo.

Edo, esate baterako, atxilotua egurtzen ohi baino sutsuago jardun duten guardia zibilak. Ludopataren eta ume litxarreroaren antzera, aitzakiaren bat asmatuko zuten, baina, ludopatak eta umeak ez bezala, gehiegi konplikatu gabe. Azalpena konplikatzea ministroaren lana da. Eta hura bai, ministroa Gasteizko ludopataren pareko begitandu zitzaidan azalpen konplikatu eta batez ere sinisgaitza kontatzean.

Gasteizko zarrastelak bere kontrako salaketari aurre egin beharko dio, alegiazko haur mizkinak amaren errrietari eta ministro gezurtiak eta bere guardia zibil sutsuek... ez ote diote inongo salaketari aurre egin beharko? Ez al dute merezi semea heriotzaren mugaraino eraman dioten amaren errietarik? Beharbada herritarren zerbitzuan beren soldata behin eta berriro emendatzeko prest dauden politikarien gaitzespenik...?

Torturatzaileek legeen babesean torturatzen dute, behar izanez gero ministroen eta gobernuburuaren agerpen patetikoa alde izango dutela jakinda.

Ez diot Estatu espainoleko poliziek torturatzen dutenik. Ez tortura sistematikoa denik. Ez dut nik esan behar. Argi asko hitz egiten dute hormaren kontra jo omen zuenaren buru hantu eta belztuak, Zaintza Intentsiboetako Gunean dagoenaren berririk ezak... Egia da tortura frogatu egin behar dela, egia frogatzea oso zaila dela, baina torturarik eza frogatzea hain erraza izanda, zer dela-eta ez diote bakartze ilunari uko egiten?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo