Josu Imanol Unanue Astoreka Gizarte ekintzailea
Torturaren alde daude
Torturaren alde azaldu zaizkigu egun hauetan Rubalcaba, Zapatero, Bono, Gonzalez, Sanz, baita PPkoak eta kazetari asko ere. Behintzat horrela ulertu dut, beraien adierazpenak entzun ondoren. Argi eta garbi esan digute Igor Portu, Mattin Sarasola zein Gorka Lupiañezi gertatutakoen aldeko iritziarekin torturatzaileek babes osoa daukatela beraiengandik. Hori da hori erakutsitako demokraziaren defentsa sutsua!
Bitxiena da horrelakoak entzuten ohituta gaudela edo behintzat saiatu direla txukuntzen egindako astakeriak, basakeriak eta gehiegikeriak. Garai zaharretakoak errepikatuko dira? Berriro euskaldunen aurka edozerk balio izango du? Baliteke!
Hauxe da saltzen ari zaigun demokrazia eta demokraten lan ederra. Nahiz eta tortura kanpotik ere salatua izan den eta jakin oso errotuta dagoela Estatu espainiarreko polizien jardueran, gu konbentzitzen saiatzen dira. Hori bai, badirudi beharrezkoak direla metodoak hobetzea, akatsak izan dituztelako.
Honaino ezer berririk ez, zeren guztiok isiltzen dugu ondo ezagutzen dugun asunto hau, oso eroso bizi garelako eta, ze kontxo!, azkenean gure demokrazia kontzeptua bera ere usteldua eta defendaezina delako, eta interesak ditugu bertan.
Horren aurka zerbait egitea ezinezkoa egiten zaigu une honetan, gehiengoen kolaborazioen aurka lan egitea delako. Tortura ez da onartzen etikoki, baina isiltzen eta mantentzen da Espainiako sasi-demokrazian, berriro diot guztion laguntzarekin.
Horretan gaude, zerbait azaldu ahal dugu atxilotuek bizi izandakoa salbuespen bat dela esanez; baina, denok ondo dakigunez, gezurretan gabiltza, hemen zein han, eta polizia ezberdinek tortura eta indarra erabiltzen dituzte pertsonen aurka. Estatuak berak babesten eta defendatzen duen biolentzia legalaren aurrean gaude. Politiko odoltsuen jokoa behin eta berriro. Horren adibide gisa, Bonok esandakoak. Inork ahal du gehiago esan? Ez ote da indarkeriaren defentsa horrelakoak esatea?
Atzo bertan entzun nituen Rubalcabaren adierazpenak. Badakit gezurretan dabilena, zoritxarrez egongo dira botatako piperrak onartuko dituztenak, konturatu gabe horrela ahultzen ari dela beraiek defendatzen duten sistema. Uneko irabazia geroko galtzea!
Ez zaigu arraro egin behar zergatik GALek izan zuen PSOEko agintarien laguntza osoa, edo beste alderdi batzuek erakusten duten isiltasun interesatua, denek bazkaltzen dutelako gezur-ontzi beretik.
Une hauetan sorpresa aurpegia jarri beharra dago, itxurakerien sasoian gaude, baina denak berdin jarraituko du. Hemendik gutxira antzekoak entzuteko prestatuta gaude, nola ez, mintsuagoa den isiltasuna eta kolaborazioa ikustera eta ofizialki onartzera bideratuko gaituzte epaile, kazetari eta gehiengo politikoak. Hemen inork ez du gaitzespen ofizialik eskatuko, ezta PSOE edo PP legez kanpo uzteko aldarrikapenik egingo, ezta ahaleginik ere, azkenean beraiek agintzen dute; beste batzuk ordea, prest dira laguntzeko.
Gertatzen ari direnekin oso minduta nago, lagun larregik urrun sentitzen dituztelako gazte hauek eta beste batzuek pairatzen dituzten torturak, bakartzea edo bizi osorako zigorrak. Herri honen askatasuna eta herritar guztien eskubideak aldarrikatzea guztion eskubideak dira.
Gorputz bortxatuetatik ezin da ezer onik atera eta sortu, torturatzaileek eta beraien ugazabek iruzurra egiten digute bake eta demokraziaz berba egiten digutenean, berdin dio isilik geratzen badira. Torturaren alde daudelako. Hau ez da bidea!