Etxebizitza eskubidea bermatze aldera, ekimenak izanen dira gaur eta bihar
Euskal Herriko gaztetxe eta Gazte Asanbladen koordinadorak etxebizitza eskubidearen aldeko eragileekin batera, eskualde mailako mobilizazioak deitu ditu gaurko eta biharko. Etxebizitza eskubidea aldarrikatzea izango da mobilizazio horien xedea.
GARA |
Euskal gazteek etxebizitza duin bat edukitzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko asmoz, hainbat mobilizazio izanen dira gaur eta bihar hainbat txokotan. Egun hauek baitira Euskal Herrriko gaztetxe eta Gazte Asanbladen koordinadorak eta etxebizitza eskubidearen aldeko eragileek zehaztutako baterajotze egunak.
Etxebizitza gure herrian «arazo larria» da bi bilgune horien iritziz eta, adibide gisa, Euskal Herriko etxebitzen %19 hutsik dagoela adierazi dute, 245.422 etxe, hain zuzen ere. Arazo hau ordea, kasualitatea baino «eskubide bat negozio bilakatzearen ondorio» dela diote eta sistema kapitalistari leporatu diote egoeraren erantzule nagusi izatea.
Sistema ekonomiko horrek, gazteria «prekarietatera kondenatzen duela» salatu, eta gazteek ohi duten soldatarekin, hipoteka edota alokairu bati aurre egitea «ezinezkoa» dela nabarmendu dute. Gainera, banketxeek, eraikuntzako enpresek, etxe sailtzaileek, administrazioek eta hainbat alderdi politikok «jasanezina den egoera aldatu ez, eta bera mantentzeko hautua» egin dutela salatu dute.
Alta, eskuak gurutzatuta eta zerura begira geratzeko asmorik ez eta Euskal Herriko gaztetxe eta Gazte Asanbladen koordinadorak eta etxebizitza eskubidearen aldeko eragileek herriz herri mobilizazioak prestatzen jardun dute. Eskualde mailako baterajotzeak izanen dira, ordea, gaurko eta biharkoak. Bizkaiari dagokionez, 19.30ean Guggenheim museotik abiatuko da manifestazioa. Gipuzkoarrek, aldiz, Zarautzen dute hitzordua, 20:00etan Udaletxe plazan. Nafarrak Iruñean bilduko dira, 19:00etan Txantrea auzoko Ezkaba plazan, hain zuzen ere.
Arabarren txanda bihar izango da, manifestazioa 13:00etan abiatuko da Artium museotik.
Elkartzen herri mugimenduak hitzordu hauek babestu eta bertaratzeko deia egin dio euskal gizarteari, haren ustez gazteria baita «etxebizitzaren arazoa erarik gordinenean bizi duena».