Hernanik Txotx garaiari harrera egin, eta prozesu parte hartzaile bati ekingo dio
Oihana LLORENTE |
Igande honetan bertan abiatuko da Hernaniko txotx garaia eta ohikoa den legez, egitarau oparo batez emango diote hasiera denboraldiari. Aurtengoan aurre hartu dio Hernanik Astigarragari baina, «data kontua» izan dela argi utzi nahi izan du Hernaniko alkate Mariam Beitialarrangoitiak.
Harri jasotzaile eta aizkolariekin batera, bertso emanaldia eta txaranga izango dira 12.00etatik 14.00etara Gudarien Enparantzan egingo duten ekitaldian. Gainera, aurtengo denboraldiari hasiera emango dion pertsonaia Javier Vizcaino kazetaria izango dela azaldu zuten atzo bertako udalean egindako agerraldian.
Alkatearen aburuz, garai honek alde positibo zein negatiboak ditu herriarentzat. Herriari aberastasuna ematen diola ezin uka daitekeen alderdi bat da, alkatearen ustez; tabernariei, taxistei, sagardogileei... «jaten ematen die» nabarmendu zuenez. Bestetik, txotx garaiak dakarren «giroa» ere aipatu zuen.
Alta, Hernanira hilabete hauetan hurbiltzen den jende mordoa dela-eta, zarata eta iskanbila sortzen dela azaldu, eta Alde Zaharreko bizilagunen atseden eskubidea kolokan egon daitekeela gehitu zuen alkateak. Beitialarrangoitiak arazoari «bizkarra eman ez», eta aurre egiteko hainbat neurri aipatu zituen.
Lehena, atzo bertan aurkeztutako kanpaina. «Hernanin ondo pasa; ez pasa Hernanirekin» leloak bertora datozen bisitarei ongi etorria eskaintzeaz gain, herriarekiko errespetua galdegin nahi du, udalaren aburuz. Bestetik, jendeak kalean pixa egin ez dezan, Hernanik berez dituen komun publikoak ezagutarazi, eta berariaz jarriko diren horietan hobekuntzak egitea aurreikusi dute. Era berean, udaltzain gehiago egonen direla eta norbait pixa egiten harrapatuz gero, isuna jarriko zaiola nabarmendu zuten.
Alkatearekin batera, Txotx Batzordea osatzen duten hainbat herritar eta sagardogile izan ziren igandeko ekitaldia aurkezteko eta aurtengo tenporadak izango dituen hainbat berrikuntza ezagutzera emateko egindako agerraldian. Igandeko ekitaldiaz gain, datozen lau hilabe- teotan ekitaldi andana izango dela gehitu zuten.
Bestetik, agerraldian parte hartu zuen sagardogile batek hitza hartu eta aurtengo uzta «irregularra baina oso ona» izan dela baieztatu zuen.
Herritar guztien hitza aintzat
Hernaniko herriak Txotx garaiaren inguruan dituen kezkak edota proposamenak jasotzeko, eta guztien arteko eztabaida egin dadin, prozesu parte hartzaile bat abian jartzeko asmoa agertu du udalak. Azaldutakoari helduta, gainera, bost talde egingo dira, lau adin tarteen araberakoak, eta bestea Ereñozu auzoko bizilagunekin.
Beitialarrangoitiak bost bilera egingo direla adierazi zuen atzoko agerraldian. Lehena urtarrilaren 21a eta 27a bitartean egingo da eta ondorengoak otsailean, martxoan eta apirilean zehar. Prozesu horrek duen helburua da herritar orok Txotx garaiari buruz eztabaidatuz, eta guztien arteko adostasunez, etorkizunean nolakoa izango beharko lukeen definitzea.