GARA > Idatzia > Osasuna

Tajonar

Igotz Gardek erietxeko apopilo izateari utzi dio

Badirudi Portillo, Juanfran eta Javi Garciak igandeko hamaikakoan lekua izan dezaketela, asteon arazo fisikoak izan dituzten Puñal, Vela eta Dadyren ordez

p045_f01_148x096.jpg

GARA | IRUÑEA

Osasunako erietxeak apopilo bat gutxiago du orain. Lau hilabetez geldirik egon ondoren, Igotz Garde nafarrak beren kideekin batera entrenatu ahal izan zuen atzo. Baztandarrak ezkerreko orkatilako lesio gogor bat nozitu zuen pasa den irailaren 7an eta, halakoren baten, jaso du medikuen senda agiria. Ondorioz, pozarren agertu zen Garde atzo prentsa aretoan, entrenamendua egin ostean.

«Pozik eta gogotsu nago, noski. Futbolean jokatzeko, nire lanera itzultzeko gogo biziz nago. Azkenean senda agiria lortu dut eta pozik nago, bai».

«Latza izan da lau hilabete hauetan harmailetan egotea, ezin baituzu ezer egin, baina, era berean, pozik kide batzuek, behintzat, Jon etxaidek esaterako, debutatu dutelako. Hori izan behar da orain nire helburua: fisikoki oso ongi jartzea eta Lehenengo Mailan lehenbailehen debutatzea», adierazi zuen atzelari nafarrak.

Lesionatuta pasa dituen lau hilabeteei buruz galdetuta, zailentzat ebakuntzaren osteko egunak azpimarratu zituen jokalari baztandarrak, nahiz eta gero denbora «oso azkar» pasa zaiola onartu zuen.

«Unerik zailenak operazio ondokoak izan ziren. Lau hilabetek luze joko duela ikusten duzu orduan, baina gero oso azkar pasatzen da. Hasieran `ea lesiotik ongi sendatzen naizen' pentsatzen duzu, baina azkenean ongi daramazu», esan zuen.

Igotz Gardek Osasunaren hamaikakoetan zeresan handirik ez du izango oraingoz. Jose Angel Zigandak, ordea, badu zer pentsatua igandean Santanderreko Racingen aurka jokatuko duen hamaikakoa erabakitzeko orduan. Horiek horrela, zenbait aldaketa prestatzen ari da entrenatzaile nafarra. Aste barruko entrenamenduak kontuan hartuz gero, bederen, ez dirudi Murtzian zelairatu taldea aterako duenik igandean.

Hiru aldaketa aurreikus litezke gutxienez: Dady, Vela eta Puñalen ordez Portillo, Juanfran eta Javi Garcia zelairatu ditzake Larraintzarreko teknikariak hasieratik Racingen aurka, hiru haieek arazo fisikoak dituztela aprobetxatuz.

Hiru jokalari horietarik atzo besteekin entrenatu ez zuen bakarra Patxi Puñal izan zen. Aurreneko ariketak kideekin egin ondoren, jokalariak prestatzaile fisikoarekin batera aparte jarraitu zuen bere prestaketa saioa. Hala ere, iganderako gertu izan liteke.

Dadyri, aldiz, atzo erresonantzia magnetikoa egin zitzaion eta aurrelari portugaldarrak lesio muskularrik ez zuela baieztatu zen. Dena den, nahiz eta Dadyk entrenamendua normaltasunez egin, ustezko ordezkoen artean ipini zuen Zigandak aurrelaria.

Azkenik, Carlos Vela mexikarrak ere arazorik gabe entrenatu zuen atzokoan, bikietan zituen gainkargak atzean utzi ostean. Alabaina, Dadyren antzera, mexikarrak ere ustezko ordezkoen artean egon behar izan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo