Indian bere kabuz sortutako lehen diskoa, «Dancing Mantras», aurkeztu berri du Luis Caminok
Antiguokoak mantra sorta baten eta bere kultura musikal berezkoaren arteko nahasketa dakar Indian sortu duen lehen CDan. Star Music diskoetxe independentearen eskutik kaleratu du 10 kantako diskoa.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
1999. urtean hasi zen Luis Camino Indiara bidaiak egiten, musika berriekin harremanetan jartzeko zuen gogoak bultzatuta. Hain izan zen atsegina esperientzia, non gaur egun Indian bertan bizi den, Rajasthaneko Jaisalmer-en, hain zuzen ere. Egunotan Euskal Herrian dabil, halere, musikaria. Eta bisita, bere bakarkako azken lana, laugarrena, aurkezteko baliatu du. Indiako kulturaren eta berak urteotan iturri izan dituen era orotako estiloen fusioa da, finean, «Dancing Mantras».
Antiguotarrarentzat Indian deigarriena gertatu zitzaion gauzetako bat zera izan zen: «hinduen alderdi erlijiosoaren eta norbanakoaren eguneroko bizimoduaren arteko uztarketa egunerokoa eta jarraia». Alegia, indiar bizitzaren alderdi edo ekintza bakoitzeko mantra (otoitz) bat dago, behin eta berriz kantatuz, dagokion jainkoari laguntza eskatzen diona bakoitzaren esku utzitako lanean lagun dezan. Bada, mantra-sorta bat da disko berriaren oinarri.
Caminok, Jaisalmereko hinduen musika klasikoko musika-eskolarekin harremanetan jarri ostean, 30 bat kantari entzun zituen, eta horietako hiru hautatu. «Shobha Harsh, Arty Vyas eta Rupendra `Lala' Gopa Ji aukeratu nituen mantra sorta baten grabaketarako, aipatu mantrak eta neure kultura musikal berezkoaren arteko nahasketa lana egite aldera», esan du. Bi emakume eta gizonezko bat dira, profesionalak ez direnak; «beren aisialdian aritzen dira kantatzen, etorkizunari begira kultur ondareari eutsi nahian».
«Unibertsala» eta autoekoiztua
Antiguoko musikariak, beraz, grabaketa horiek ardatz hartuta sortu ditu diskoak bere baitan dakartzan kantak. «Abestiei hizkuntza unibertsal bat ematen saiatu naiz. Indian entzun daitekeen diskoa dela uste dut, nahiko ongi ari da bertan saltzen, eta bestelako edozein tokitan ere entzungarri dela esango nuke», nabarmendu du. Oinarri elektronikoekin musikatu ditu mantrak, popa, rocka zein beste hainbat estilo erabilita.
«Harro» dago Camino bere lanaren emaitzarekin, autoekoizpenaren alde egin duela gogorarazita. Indian sortu duen lehen CDaren prozesu oro izan da, alegia, bere ardura. Goitik behera bere kabuz egin du, lehen musika-notatik hasi, eta Delhin CDa egiteraino, salbuespenen bat izan ezik: Mikel Fernandez Krutzaga soinu-teknikariaren lana (Grammy saria jaso zuen Kepa Junkerarekin egindako lanarengatik) azken master-lanean, Karlos Gimenezen harmoniuma «Ganesh Mantra» izeneko abestian eta Nepaleko musikari Shyam Nepaliren sarangia «Guru Mantra» kantan. Diskoaren azalean ageri den margo indiar klasikorako (Saraswati, arteen jainkosa hindua) Rajasthaneko Pushkar herriko Narsing Vaishnav margolari ezagunaren laguntza izan du.
Distribuidora ingelesekin, israeldarrekin eta espainolekin kontaktuan dago musikaria bere lana ahalik eta lasterren hedatzen joan dadin. Aipatu du zailtasunik ere aurkitu duela Estatu espainolean, diskoetxe baten babesik gabe ekin diolako bere bideari diskoak. Dena den, Indian ez ezik Gipuzkoan ere badago eskuragai, bi lekutan: Garazi liburudendan (Antiguo) eta Ordiziako Sugaar tabernan.
Musikariak diskoarekin proiektu zehatz bat du buruan: etekinak Rajasthaneko Pushkar herrian eskolara joaterik ez duten neskatoentzat bideratuko ditu. Alargunen alabak edo umezurtzak dira, eta egoera sozial horrek dakarkie aipatutako arazoa. Camino eta bere bikotekideak, Pushkar-eko dendari batzuekin bildu, eta arazoari irtenbide bat bilatu nahi izan zioten: bost haur eskolatu zituzten, eta egun ehun ere badira. Bide horri eutsi nahi diote, beste hainbat haurrekin neskatoak ere hezteko. Laguntza programak eskolatzea, jantzi eta sendagaiez hornitzea eta mantenua begiesten ditu.