GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAJ, EB eta Aralarrekin koalizioan aurkezteko asmoa berretsi du EAk

Eusko Alkartasunak hauteskunde orokorretara EAJ, EB eta Aralarrekin batera aurkeztearen apustua berretsi egiten duela adierazi zuen atzo prentsa ohar baten bidez. EAJrekin koalizioa berrosatzearen inguruko eztabaida, ordea, baztertu du. Juan Jose Ibarretxek, berriz, nabarmendu du une honetan garrantzitsuena Kongresuan «euskal talde» indartsua eratzea dela (izen hori du EAJrenak), Zapaterorekin «aurrez aurre» negoziatu ahal izateko.

GARA |

Martxoko hauteskunde orokorrei begira, EAk prentsa ohar baten bidez jakinarazi zuen orain «EB, Aralar eta EAJrekin batera hauteskundeetara aurkezteko taldea» eratzeko unea dela, era horretan, Madrilen «Ibarretxeren bidai orria defendatu» ahal izateko. Unai Ziarreta buru duen alderdiaren iritziz, martxoko hauteskundeak lehendakariak proposatutako herri kontsulta defendatzeko «antzeztoki paregabea» izango dira.

«Martxoan hirukoak Ibarretxeren bidai orriaren inguruan bildutako gehiengo hori elkartzea lortzen badugu, zaila izango da Zapaterok edo Rajoyk elkarbizitza ahalbidetzeko akor- dioari ezetza ematea», aipatu zuen EAk. Horren ildotik, adierazi zuen «erronka» horri aurre egiteko erarik onena «guztion ahaleginak elkartzea» dela.

Dena dela, alderdiak ere azken egunotan EAJ izaten ari den jarrera gaitzetsi zuen, haren ustez alderdi jeltzalea «nahastea» sortzen ari baita. Izan ere, lau alderdien arteko koalizioa ez du begi onez ikusten, eta EAri berriro biak batera joateko gonbita luzatu diola jakinarazi du, beste aukera saihesteko-edo.

Unai Ziarreta buru duen alderdiaren ustez, «EAJ euskal gizartean nahastea sortzen ari da bere eledunek adierazpen kontraesankorrak egin dituztelako». «Joseba Egibarrek eta Markel Olanok koalizioaren aldeko apustu garbia egiten duten bitartean, badirudi Josu Erkoreka diputatuak ez duela aukera hori oso garbi ikusten», salatu zuen EAk. Horregatik, EAJri bere «barne eztabaida» hori lehenbailehen argitzeko eskatu zion.

Emaitza onak

Beste alde batetik, martxoko hauteskundeetan «abertzaleek emaitza onak» lortuko dituztela ziur ikusten du Juan Jose Ibarretxek, eta Madrilgo Kongresuan Zapaterorekin eztabaidatu ahal izateko «euskal talde indartsua» eratzearen beharraz ohartarazi zuen atzo Madrildik.

Lehendakariak hauteskundeetara koalizioan edo bakarka joateari garrantzia kendu zion, haren ustez garrantzitsuena EAEko biztanleen «ahotsa» Madrilen ozen entzutea baita, ez hauteskundeetara nola aurkeztu.

Era berean, Juan Jose Ibarretxek nabarmendu zuen azken urteotan, PPk eta PSOEk EAErekiko eta autogobernuarekiko «antzeko jarrera» izan dutela. «Bi alderdiek betidanik euskal gizartearen errealitatea eta existentzia bera ere ukatu egin dute, eta ez dute Gernikako Estatutuan adostutako akordioa bete. Azken lau urteotan Zapaterok EAErekin duen tratu ona lau haizetara zabaldu du, baina nabarmendu behar da hona azkenengo transferentzia Aznarrek ekarri zuela». Honela adierazi zuen Lakuako Gobernuburuak Ser irrati-kateari emandako elkarrizketa batean.

KONTRAERASOA

Aukera hori bazterrean utzi ondoren, berriro EAri biak batera agertzeko gonbita luzatu diola EAJk aipatu dute hainbat komunikabidek. Jeltzaleen kontraeraso moduko bat antzeman daiteke horretan.

EAJ-ren ezezkoa

Unai Ziarreta buru duen alderdiak gero eta garbiago ikusten omen du EAJk bere koalizio proposamenari emango dion azken erantzuna ezezkoa izango dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo