NaBai: «PSNk aldaketarako aurkeztu zituen proposamenei uko egin die»
GARA |
Ezustekorik gertatzen ez bada, datorren urtarrilaren 21ean Nafarroako Parlamentuak ofizialki onartuko ditu Sanzen Gobernuak 2008rako proposatutako aurrekontuak. Asteotan, taldeek aurkeztutako 996 zuzenketa partzialak eztabaidatu eta bozkatu dituzte, eta PSNk UPNrekin eta CDNrekin bat egin du, oposizioak proposatutako zuzenketa gehienak atzera botatzeko.
NafarroaBai-ren ustez, PSNk Gobernuari aurrekontuak aurrera egitea onartzean, argi geratu da Alderdi Sozialistak udatik hona emandako «aldaketa bortitza». Txentxo Jimenezek gogorarazi zuen orain, PSNk iragan urtean babestu izan zituen zuzenketak «atzera bota» dituela. Horregatik, NafarroaBai-ko parlamentariaren aburuz, argi geratu da «PSNk hauteskunde kanpainan aldaketarako aurkeztu zituen proposamenei argi eta garbi uko egin diela».
EAko presidente eta NaBaiko parlamentari Maiorga Ramirezek, PSN «eskuinaren pean makurtuta» dagoela nabarmendu nahi izan zuen, azken batean UPNk, CDNk eta PSNk Parlamentuan «Gobernuko kide» bezala aritu direlako. Ioseba Eceolazaren ustez berriz, une honetan Carlos Chivitek zuzendutako alderdiak «sinesgarritasun» arazo larria dauka, egun UPNren mendean baitaude erabat.
Sakoneko aldaketarik gabe
NBE koordinatzaile Jose Miguel Nuinek nabarmendu nahi izan zuen aurrekontu hauetan UPNk eta CDNk proposatutako ideia nagusietan ez dagoela «sakoneko» aldaketarik, eta giza politika publikoak aurrera eramateko bitartekoak «eskasak» direla ohartarazi zuen.