Bushen diskurtsoa eta egitateena
AEBetako presidente George G. Bushek atzo Ramalan esan zuen palestinarrak eta israeldarrak akordio batera iritsiko direla urtebeteko epean. Palestinar herritarrek eta israeldarrek, ordea, ez dute horren argi ikusten. Bushek adierazpen horiek egiten zituen bitartean, setio egoera inoiz baino nabarmenagoa zen, Poliziak herritarrak etxeetan atxiki ez ezik, etxeak miatu ere egin baitzituen. Agertoki horretatik eskaintzen du Bushek esperantza. Agertoki horretatik, eta aspaldian galdua duen prestigioa berreskuratzeko saio gisa. Izan ere, ez du erraza bake-gizon modura agertzea bere agintaldien ondoren. Hitz bakan batzuek ezin dute ezabatu gerraz eta erasoz betetako ibilbide bat. Bestetik, onartezina da bera inpartzial agertzeko asmo hori, Israelen jarrera itxiak betidanik AEBak izan baititu sostengu. Horregatik, barregarria gertatzen da palestinarrei NBEren ebazpenen gainean egindako gomendioa, atzera ez begiratzeko, alegia. Ebazpen horiek bete ez izanarekin AEBek zerikusirik ez balute bezala. Nolanahi ere, ebazpen horiek gaur egun ere indarrean daude, eta hobe luke Bushek gomendioen ordez, gatazka hura konponbidean jartzeko benetako urratsak egin.
Gatazkaren egoera dirdiraz jantzi zuten atzo Bushek eta hedabideek; baina oraingoz, behinik-behin, lehengo berbera da.