Argia | Harkaitz Cano
Capote versus Springsteen
Fribolitatea aldarrikatzen duen horietarikoa naiz, ezagutzen ditut deskonpresio balbula hori umorez eta neurrian irekitzen artista direnak. Baina editorearen kasuan, fribolitateak ez zuen deskonpresio zirtolaritik deus, jokoa -benetakoa jokoa- partitzen den mahaitik aparteko denbora-pasa intraszendentearen kutsu badaezpadakoa baizik (gu «umeen mahaian» afaltzen ari bagina bezala, helduak beste nonbait kontu serioei buruz mintzatzen diren bitartean). Benetako jokoa partitzen den mahaia, ordea, zein da? Lehendik ere, askotan jarri izan da zalantzan idatzitakoak balio ote duen izpirik, eta zorionez, idazleak beraiek izan ohi dira sarri euren lanaren absurdoaz gogoeta egiten lehenak. Izan ere, epaileek eta fiskalek literatura (txarra) egiten dutenean, eta areago, pertsonak pertsonaien gisara erabili eta haien askatasuna inpunitate osoz eta sadismo nabariz bihurritzen eta xehatzen dutenean, ankerrenera jarrita ere idazle zorrotzenaren lumarik zorrotzenetik aterako ez liratekeen tortura testigantzak entzuten ditugunean... horren aurrean, zer egin lezake editore batek, zer idazle batek? Ozenki protesta egin, intrusismoari intrusismoarekin erantzun eta injustiziaz (politika ezaz, politikaririk ezaz, kartzelaratutako politikariez) idatzi, bidegabekeriak salatu, (berriro ere) aski dela esan, esku-zarta bat eman mahaiari (Dostoievskik zioen legez, amorruz botila lepotik hartuta aulkitik altxatu... zertarako eta, geure buruei tragoxka ateratzeko, azkenean). Bai, agian hori da erantzun beharrekoa, urte askotan erantzun izan duguna. Kontua da, mahaia kolpatzea beharrezkoa izan arren, horren oihartzunak autoafirmaziorako besterik ez duela balio gehienetan (...). Konbentzitu nahi genukeenaren iritziak pitza ezinak dira, blindatuta daude eta urruti: espiak behar ditugu, infiltratuak, pitzatzaileak. Eta ez dauzkagu. Orduan... beharrezkoa zen energia horiek guztiak xahutzea? Bai, beharrezkoa zen eta da, baina konbikzioak ez du indar galeraren ozpina gozatzen. (...)