GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Ken Folletten itzala

Artean gaztetxoa nintzen eta ezjakina neurri handi batean, eta nire aburua zen mundua aldatu nahi genuenok ezin genuela «best-seller»ak irakurtzen igaro denbora

Duela urte asko jakin nuen Ken Folletten berri, urte andana izango da ezbairik gabe. Artean kartzelan nengoen intsumiso izateagatik eta orduantxe konturatu nintzen idazle galesak zuen arrakastaz. Inolako zalantzarik gabe, kartzelako kideen artean libururik irakurriena zen harena. Ezagutzen nuen Follett, eta etxean ere bagenuen haren liburuaren alerik, baina sekula ere ez zidan zirrararik egin hura irakurtzeko. Beste liburu batzuk irakurtzen nituen nik, ustez literatura serioagoa ziren liburuak. Orduan irizten nion ondo aukeratu behar zirela irakurketak, literaturaren historian asko eta asko direla liburu onak eta gutxienez oinarrizkoenak irakurri behar nituela neure burua hezteko. Ez nuen astirik bada bestelako liburuak irakurtzeko. Edo hori uste nuen nik, behinik behin.

Kartzelakoa harrigarria zen erabat. Nik ezin nuen sinetsi baina gu bezalakoek, bai intsumisoek bai preso politikoek, baita preso sozialek ere ez zuten bururik jasotzen Folletten orrialdeetatik. Egun osoa Folletten liburua gogoan. Artean gaztetxoa nintzen eta ezjakina neurri handi batean, eta nire aburua zen mundua aldatu nahi genuenok ezin genuela «best-seller»ak irakurtzen igaro denbora. Bestelako irakurketak izan beharko luketela gureek, gizartearekin konpromiso handiagoa duten idazleen liburuak irakurri beharko genituela, hain zuzen ere. Eta horrelaxe, ni Julio Cortazar edo Italo Calvinoren liburuak eskuetan jaisten nintzen patiora, eta bizkitartean patioko lagunen artean Folletti buruz besterik ez zuten hitz egiten. Nik ez nuen jakiten zer esan, horrenbeste saltzen den literatura ez nuela gustuko aitortzea besterik.

Gasteizen jarri digute Folletten irudia eta kartzelako egunekin gogoratu naiz egunotan hari begira. Hantxe dago Burulleria plazan idazlearen brontzezko irudia. Katedralari begira eta plazari bizkarra ematen, eliza zaharra gurtuko balu bezala. Hortxe dago egongelan Folletten bigarren liburua. Etxeko norbait egongo da irakurtzen. Kartzelakoa gogoan hartu eta oker nenbilela uste dut orain. Estuegia izan nintzela nire kideekin orduan, harroegia beharbada. Eta kartzelako ordu luzeez oroitzen naizenean pentsatzen dut Follettek lagundu egingo ziela lagunei denbora igarotzen, plazerra hartuko zutela liburu harekin, eta une batez behintzat ahaztu egingo zutela ziega ilun batean zeudela. Kartzelako patioko murruak gaztelu batekoak zirela egingo zuten amets.

Neure buruari galdetu izan diot beti zer izango duten Folletten liburuek erakargarri, zergatik diren horren gustuko. Baina sekula ez dut astirik hartu hura irakurtzeko, aitor dut. «Best-seller»enganako dudan ezinikusi horrengatik izango da. Ezinikusi inozoa. Ezen badakit ikasi egingo nuela hura irakurrita, eta zergatik ez, gozatu. Kartzelako kideen artean sortzen zuen eragin bera egingo du etxeko kideen artean ere, pozarren daude-eta liburu berriarekin.

Hortxe dago Folletten liburua egongelan, erakarri egiten nau, jakinmina sortu. Eskua luzatu dut, hasi naiz lehenengo orrialdea irakurtzen...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo