Julen MURGOITIO
Euskal Tele Patia
Dagoeneko bueltatuak gara urteko egun arrunten noriara, ziegetan ur zikina bainuontzira daroan noriara. Atzean geratu da Bakea goratzeko gabonetako garaia, bakearen apologia egitekoa, hurrengo gabonen zain. Atzean geratu ere kale izkinetan cava-botilez goraino betetako beira-ontzi berdeen sasoia, Bakearen hurrengo ospakizun ofizialaren zain. Bitartean mundu errealak agintzen du, saihets hautsien mundu itogarriak berak. Tira, gidoigileak greban dira Hollywood hartan; hauxe kolpea! pelikula bat egin lezakete greba horren inguruan, gidoia zeinek idatzi izango balute sikiera. Baina sektore horretan, demokrazian legez, izan badira eskirolak, edonon, gorputzen gainetik ez ezik gorpuen gainetik ere pasatzen abilak diren gidoigile trebeak, mundu erreala fikzioz itxuratzen euren burua maisu hartzen dutenak. Beheko Estatuaren Barne Ministerioan dute horiek akademia. Hala ere, fikzioa batzuetan, ez beti baina, zakarregia da, logikarekin ezin uztartzekoa, fikzioegia, burmuinean belarriak lotzeko soka baino ez duten batzuentzat beraientzat ere jasanezina, sinestezina; fededunak izanda ere. Euskaldunon berezko telepatiak utzi du hori agerian. Elkarrengandik urrun egonda ere euskaldun jendeak berezko ahalmena du zehaztasun osoz ingurukoa modu berean deskribatzeko, ibaiaren urertzak izan edo auto barruko ferekaldia izan. Telepatia, bai, baina berezkoa gainera, zerikusirik ez zentro teknologikoetako zorionezko Ikerketa + Garapena + Berrikuntza kate horrekin. Berezkoa, berez.
Eta bainuontzia aipatzean burura etorri zait kolpe batean Napoliko egunotako zabor-borroka, han gidoigileak ez baizik biltzaileak daude greban. Gaitzerdi! Badute horiek eurenaz zeinek idatzi behinik behin! Eta kate-erreakzioz edo, burua bor-bor izanda, Napolikoa aipatuta katekesia etorri zait burura; tira! familiak etorri burura, hobeto esanda. Kasuko, beheko Estatu horretan etengabeko apologian duten familia; elizan ezkondu eta laurehun mahaikidetatik gorako afaria eginda, aita, ama, seme-alabak, ilobak eta Hego Amerikako neskamea dituen familia konstituzionala. Ulertzen ez dudana da zergatik horren apologistarik sutsuenak ezkongabeak diren; nahiz eta pentsatzen hasita... gidoi polita idatziko nuke. Kasuko, hemengo familiak ere, Gure Gauza, Fontanerone; horiek ere berezko telepatia dute, harmonizatua, laster burtsan kotizatzekoa omen dutena.