GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gasteizek hartu du etxebizitza eskubidearen aldeko ekimenen txanda

Herenegun bezala, atzo ere herritarrek etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioak egin zituzten, gazte eragileek, gaztetxeek eta asanbladek deituta. Ostiralean Bilbon, Zarautzen, Deban, Iruñean eta Goizuetan izan ziren ekimenak; eta Gasteizek hartu zuen lekukoa larunbatean. Ehundaka elkartu ziren hiriko kaleetan, hutsik dauden etxeak bete eta alokairu sozialean, bakoitzaren ahalmen ekonomikoari erantzunez, paratu behar direla aldarrikatzeko.

p023_f02_148x100.jpg

GARA |

«Entzun al duzue inoiz eskubide hitza?», galdetu zieten gazte eragileek, gaztetxeek eta asanbladek herenegun eta atzo, etxebizitza eskubidearen alde, Euskal Herriko hainbat txokotan egin ziren mobilizazioetan bildutako lagunei. «Seguru baietz, behin eta berriro errepikatzen den hitza baita. Eskubideak gora eta eskubideak behera. Baditugula eskubideak honetarako eta hartarako. Etxebizitza duin bat izateko eskubidea, adibidez».

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 25. atala irakurri zuten: «Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari, bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena eta, batez ere, janaria, jantzia, bizitokia, mediku sorospena eta gizarte zerbitzuak (...)». Eta bertze galdera bat egin zieten herritarrei: «Eskubide hauek guztion eskura daudela uste al duzue?».

Salatu zutenez, «aberastasuna handitzea helburu duen sistema kapitalista honetan, dena bilakatu dute negozio, baita oinarrizko eskubideak ere». Ondorioz, «prekarietatea gizartearen gehiengoaren eguneroko ogia da, prekarietatean bizitzera kondenatzen gaituzte eurek sobera daukaten aberastasuna handitzearren». Manifestazioetan nabarmendu zutenez, ez da kasualitatea urteotan etxebizitza bat erosteko edo alokairuan hartzeko prezioak «izugarri» igo izana, «`adreiluetan inbertitzea' negoziorik borobilena bilakatu baitute» eta «gutxi batzuen poltsikoak bapo betetzen ari baitira». Gainera, gazteek etxebizitza bat lortzeko daukaten arazoa laneko prekarietatearekin lotu zuten. «Azken batean, bizitzeko oinarrizko beharra den hau ordaintzeko, gure soldataren zatirik handiena bideratzera kondenatzen gaituzte, baita baldintzarik kaskarrenetan eskaintzen dizkiguten lanak onartzera ere».

Erantzuleak eta hautabideak

Higiezinen enpresak, banketxeak, eraikuntza enpresak eta, oro har, espekulatzaileak jo zituzten arazoaren erantzuletzat. Manifestazioetan kritikatu zutenez, «horiek dira gure eskubideekin negoziatzen dutenak, horiek dira gure miseriaren erantzuleak». Ez zituzten ahantzi «gure eskubideak bermatzeko betebeharra duten instituzioak», hain zuzen ere, «etxebizitza eskubide bat izatetik urruti, negozio bihurtzea onartu eta bultzatu duten alderdi politikoek osatutako instituzioak» direla esanez.

«Aski da esateko garaia iritsi da lagunok!», ohartarazi zuten. «Etxebizitza oinarrizko eskubide bat da eta, beraz, gazteok ez dugu inolaz ere onartuko horren kontura aberasten jarraitzea, eta gure ilusioak zein beharrak sasi tonbola batean zozketatzea ere ez». Ziurtatu zutenez, eskubideak bermatzeko borrokan «jo eta su» ariko dira eta «behin betiko konponbide erreala» bilatuko dute. Lehenbizi, hutsik dauden etxebizitzak bete behar direla esan zuten, eta gehiago behar baldin badira, orduan, eraiki. Horiek alokairu sozialean jarri beharko liratekeela erantsi zuten, bakoitzaren ahalmen ekonomikoari erantzunez.

olabeaga

Bizkaiko hiriburuan manifestazioa egin zuten atzo herritarrek Olabeagako gaztetxearen alde. Izan ere, agintariek eraikina botatzeko agindua eman baitzuten.

okupazioa

Etxebizitza eskubidea errespetatzen ez den bitartean, okupazioa da tresnarik eraginkorrena bizileku beharra asetzeko, gazte eragileek, gaztetxeek eta asanbladek defendatu zutenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo