GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Patxi Salaberri UPV-EHUko irakaslea

«Neotramoak»: UPVren kalitatearen ebaluazioa

Zenbat eta «neotramo» gutxiago banatu ebaluazio erakundeak, orduan eta unibertsitate kezkagarriagoa duela pentsatu beharko omen luke zergadunak

Hain dira aldagarriak ni bezalakoen printzipio etiko-moralak ezen ohar hauek lehenbailehen idaztea erabaki baitut. Izan ere, Euskal Unibertsitate Sistema delakoaren ebaluazioa egiteko sortua den UNIQUAL erakundeak UPVko irakasleoi graziosoki onetsiko dizkigun «euskotramo» gisakoetan bikaintasun maila lortzeko arrisku latza dugu (sei bat «neotramo», alegia), eta zalantza dut diru sari berriak ahalbidetuko dizkigun onespen horrek ez ote nauen aurrerantzean (nola haginka keinurik ere egin jaten ematen digun eskuari?) egiteko hauetarako kamustuko.

Bihoaz, bada, presakako lerrook inozentziaren ausardiarik gordinenarekin.

Egunotan ari dira UPVko irakasleak ebaluazio horren berria jasotzen eta uste izatekoa da laster asko izango dugula guztiok zinezko poztasunerako motiborik, zeren ez baita bestelakoa izango «neotramoak» naroki eta era orekatuan banatuta ikustearen efektu psikologikoa. Eta, zeharka bada ere («nolakoak kideak, halakoa partzuergoa»), irakasle bakoitzari egingo zaion aintzatespen horrekin batera, agerian geratuko dira UPVko ikasketen eta ikerkuntzaren kalitatea eta zientzia arlo bakoitzaren bikaintasun maila. Poztasun geometrikoki berretua, beraz.

Ezaguna da modu aski «unibertsalean» onetsi zitzaizkiela UPVko irakasleei lehendabiziko «neotramoak» (noizbait ordaintzen hasiko diren C izeneko bi, alegia). Oraingoan, aldiz, eskailera akademikoan antolatuak diren neotramo berrien esleipenak baloratzea zegokion UNIQUALi, hots, B mailako hiru eta A mailako bi, eta azken hauon xedea bikaintasun gradua erakusten duten irakasleak nabarmentzea omen zen.

Ohi bezala, esleipen berrien zain gauden honetan, ez da falta izan ebaluazioaren emaitza orokorrei buruzko irakurketa aurreratzera ausartu denik: zenbat eta irakasleei «neotramo» gehiago onetsi, orduan eta maila eta kalitate gehiagoko unibertsitatea dugula adieraziko omen zaio euskal gizarteari, horretarako aurrekontuak biziki areagotu beharko badira ere. Eta, aitzitik, zenbat eta «neotramo» gutxiago banatu ebaluazio erakundeak -jaunak begira gaitzala gaitzetik!-, orduan eta unibertsitate kezkagarriagoa duela pentsatu beharko omen luke zergadunak, izan ere, UPVko irakaskuntzaz, ikerkuntzaz eta kudeaketaz arduratzen diren irakasleek ez bailukete munduko unibertsitate urtatuekin homologa lezakeen kalitaterik, meriturik, ezta mailarik ere.

Manikeo samarra izan arren, aitortu behar da aski irakurketa baliagarria dela irakaskidearena. Are baliagarriago, norberak ezkutuegi eta pribatuegi ohi dituen emaitzei ere gizarte-proiekzioa emateko aukera eskaintzen duelako.

Ildo horretatik, alde baterantz zein besterantz joan ebaluazioen ebazpena, oinezko ororen logikan legoke pentsatzea ebaluatutako irakasle guztien zerrendak, puntuazioak eta emaitzak argitaratu eta publiko egingo dituztela UNIQUALek eta UPVk. Harrotasunez argitaratu gainera, noski, norberaren zilegizko ariketa solipsistarako ez ezik, UPVko eta gizarte honetako kide guztion poztasunerako ere gerta daitezen gure Unibertsitate Sistema goratu eta laudatu baizik egingo ez duen sariztatze eredu horren fruituak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo