GARA > Idatzia > Eibar

Baikortasuna nagusi zailtasunak gora egin arren

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Azken jardunaldiotan sailkapeneko behealdeko taldeen aurka jokatu ondoren, Eibarrek beste txanda bati ekingo dio hemendik aurrera. Gaur hasi eta hurrengo bost asteotan, lehenengo zazpi postuetan sailkatuta dauden lau talde izango ditu aurkari. Baina zailtasunak gora egin arren, baikortasuna nagusi da gorri-urdinen artean.

Los Pajaritos zelaian jokatuko den partidari buruz hitz egiterakoan, denboraldi osoan igoera postuetan egon den Numanciaren aurkakoa izan arren, Javier Mandiolak uste du «oso zaila» izango dela «gu garaitzea, oso ondo gaude-eta». Izan ere, Eibarrek zazpi puntu eskuratu baititu azken hiru partidetan.

Etxetik kanpoko ibilbidea, egia esateko, motelagoa izan da azkenaldi honetan, eta bi puntu besterik ez du lortu bost irteeretan, baina horren aurrean, «Numancia etxean kaskarrago jokatzen ari» dela gogorarazi zuen entrenatzaile eibartarrak.

Hainbat aldaketa egingo du Manixek hamaikakoan. Alde batetik, Raul Garcia ezker hegalera itzuliko da, eta Carmelo Yuste zelai erdira, Manel prest baitago, zigorra bete ondoren, taldera itzultzeko. Entrenatzaileak atzo aurreratu zuenez, gainera, baliteke minuturik gehienak jokatu izan dituen Joseba Del Olmo aulkian geratzea partida hasieran, bere lekua Zurutuzari utziz.

Txiki ere aulkian egongo da, deialdiko ustekaberik handiena. Nafarrak pubisa minduta dauka eta medikuak operatzea nahi duen arren, Manixek nahiago du jokalariak ahal den guztia itxarotea.

Zaletuak

Jokalari armaginak, bestetik, ez dira bakarrik egongo Los Pajaritos zelaian, zaletu eibartarrez betetako autobusa Soriara abiatuko baita gaur bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo