GARA > Idatzia > Kultura

Salamancako Topas kartzelatik Japoniara, «eskularruak erostera»

Hamar urte Urko Labeaga preso dela. Bere betiko ikasteko grinari erantzunez, ekin eta ekin, besteak beste japoniera ikastea lortu du bere ziegako bakardadean eta, hala, ipuin bat euskaratu ahal izan du. Bere lagunei esker, ipuin hori kalean da eta Japoniara bertara ere iritsi da.

p056_f01_153x112.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Betidanik izan duen jakinminak bultzaturik eta bere hizkuntzetarako zaletasuna dela-eta, Urko Labeaga euskal preso politikoak japoniera ikasi, eta «Eskularruak erostera» eman du argitara, jatorrizko japonieratik euskaratuta.

Gorka Lazkanok ondo ezagutzen du Urko laguna, berarekin partekatu baitzuen kartzelako modulua. Gu berarekin solastatu gara, istorio txundigarri hau plazara ateratzeko. Honela mintzo da Gorka: «bere kabuz, poliki-poliki hasi zen ikasten. Urko, japoniera ikasteaz gain, euskara landu eta hobetu nahian dabil beti, eta ingelesa, alemana eta frantsesa ere ikasi ditu, hizkuntzak izugarri gustatzen zaizkiolako. Hizkuntzak, kultura eta herri ezberdinen mundu ikuskera ezagutzeko baliatzen ditu».

Baldintza kaskarretan bada ere, ingelesez, frantsesez edo alemanez ikastea badago kartzelan, UHUN urrutiko hezkuntza bitarteko dela. Ez ordea, japonieraz. Urko bete-betean sartu da prozesu horretan, egunero orduak eta orduak eskaintzen baitizkio japoniera ikasteari. Edozein hizkuntza ikasteak zailtasunak baldin baditu, ziega batean bakarrik egonda, pentsa «irakurriz baino ez, nola ikas daitekeen hizkuntza bat». Hortxe dago meriturik handiena, Gorkaren ustez. Kontuan izan, japonieraz ez dutela gure idazkera erabiltzen, kanji izeneko ikur edo karaktereak baino, kontzeptuak adierazteko erabiltzen direnak -oinarrizkoak, bi mila inguru omen dira-. «Lan ikaragarria beraz, sekulako diziplina eskatzen duena».

Irrati on bat omen du Urkok eta tarteka japonierazko saioren bat hartzea ere lortzen du. Alta, hizkuntzaren gutxieneko maila jakin bat lortu zuen arte, ez zuen piperrik ere ulertzen, normala denez. Mintzamenari dagokionez, ez dauka batere aukerarik aritzeko, eta mintza praktikak bere buruarekin egin behar izaten ditu, bakardadean.

Azken finean, Gorkak azaldu digun legez, «preso bakoitzak eguneroko borroka horretan ahal duen moduan egiten dio aurre kartzelari, eta Urkok gauza berriak ikasteko beti izan duen grina du duintasuna goian mantentzeko modua. Hortik dator hizkuntzak eta bereziki japoniera ikastearena».

Aipatu dugun argitalpenari dagokionez, Urkok baditu, ikas dezan, materiala eskuratzen dioten lagunak, tartean neska japoniar bat. Testu horien artean, bazen ipuin bat gustatu zitzaiona, eta euskararekin ere baduenez etengabe hobetzeko joera, ipuina gure hizkuntzara itzultzeko erronkari heldu zion.

Denborak aurrera egin ahala, pixkanaka, oso lan txukuna burutu zuen, -kanji bakoitzari zuzenketa eta buelta ugari eman ostean- ingurukoek irakur zezaten egindakoa. Lagunek berriz, aholkuak eta laguntza emateaz gain, ipuinaren edertasunari erreparatuta argitara eman zezan bultzatu egin zuten, merezi zuela-eta. Hala, lagunartean argitaratua, ele bitan heldu zaigu «Eskularruak erostera», japonieraz eta euskaraz, jatorrizko ipuinak zituen marrazki finak gordeta eta kanji ederrez hornitua.

Argitaratutako ale sorta Hondarribiko, Algortako eta Sopelako herrikoetan jarri dute salgai. Gustura gelditu omen da lanaz Urko bera ere, eta aurrerantzean izango ditugu beraren itzulpen gehiago irakurgai.

Japoniara bidaia

Behin euskaratuta, jatorrira itzuli da «Eskularruak erostera» ipuina. Bertakoen harridura eta gozamenerako, Fermin Muguruza Asian bira egitekoa zela-eta, Sorkunek ale batzuk eraman zituen «bertako lagun eta musikariei oparitzeko», errenteriar abeslariak esan digunez.

Bitxia eta harrigarria egin zitzaien japoniarrei itzulpena, eta jakinmina agertu omen zuten gure hizkuntzari, herriari eta egoerari dagokionez. Horrela, preso duten Urko Labeagak, ziegatik atera gabe, Japoniarako bidaia egitea lortu du, negu gorrirako eskularruak erostera.

ELEANITZA

Egunero hainbat orduz jarduten du Urkok hizkuntzak ikasten. Euskaraz eta gaztelaniaz gain, ingelesez, frantsesez eta alemanez ere mintzo da, baina japonierak bereganatu du, bereziki, Urkoren arreta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo