TORTURA SALAKETAK AZKEN ATXILOKETEN OSTEAN
Erauskinek torturak Ģestaltzekoģ gezurra esatea leporatu dio PSOEri
Ezker Abertzalea talde parlamentarioko eleduna den Nekane Erauskinek PSOEri leporatu dio, bertsio ofizialaren bitartez, bi gazte lesakarrek pairatutako tortura «estaltzen» saiatzea. Hala ere, «estalezinak» diren gauzak badaudela nabarmendu du ordezkari abertzaleak. Izan ere, PSOEk eta PPk egindako ahaleginen gainetik, Fernando Grande-Marlaskaren epailearen autoak berak ezerezean uzten baitu Gobernu espainolak egun hauetan saldu duen bertsioa.
GARA | BILBO
Inork gutxik sinisten du dagoeneko Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren atxiloketen eta pairatutako torturen harira Gobernu espainolak eta Guardia Zibilak zabaldutako bertsio ofiziala, baina PSOEko eta PPko eledunak tematuta daude Alfredo Perez Rubalcabak azken egunetan botatako hitzak babestera, jakin badakitelako egiak agerian uzten duela bi gazte lesakarrek pairatutako sufrikarioa.
Testuinguru horretan, Nekane Erauskinek, Ezker Abertzalea talde parlamentarioko eledunak, PSOEri buruz adierazi zuen «tortura errazten duten prozedurak» egotearen ardura alderdi horrena dela, eta leporatu zion «bertsio ofizialen bitartez gezurra» esatea «hau guztia estaltzeko». Dena den, biltzarkide abertzaleak baloratu zuen «estalezinak diren gauzak» badaudela, torturak, adibidez.
Radio Euskadin eginiko adierazpenetan, Erauskinek nabarmendu zuen Portuk eta Sarasolak salatutako torturak «ez direla Euskal Herrian kasu isolatuak» baizik eta gauza «sistematikoa» dela, eta gaineratu zuen egun «inork» ez duela zalantzan jartzen «torturak egon direla».
PSOEk betetzen duen paperari dagokionez, honakoa aipatu zuen: «herrialde demokratiko batean Gobernuak berak hartu beharko lituzke, inork baino lehenago, tratu txarrak egon direnaren inolako susmorik ez egoteko neurriak». Hori esanda, gaineratu zuen «hau ez dela herrialde demokratikoa».
Ezker Abertzaleko ordezkaria, «bortizkeria espresio guztiak» buka daitezen lan egitearen alde agertu zen, eta PSOEri aurpegiratu zion «bortizkeria bakar bat» aipatzea eta «bestea estaltzea». «Ez duzue bortizkeria guztiak bukatzeko lan egiten», salatu zuen.
«Auzia larriagotu»
Jose Antonio Rubalkaba EAJko legebiltzarkideak, bere aldetik, irratsaio berean esan zuen Guardia Zibilarengan ez duela konfiantza faltarik, baina gaineratu zuen horrelako ekintza «larrien» aurrean ez duela balio «`hau da nire bertsioa eta mundu guztia isilik egon dadila'» esateak. Ikerketa egin behar dela eta «arduradunak zigortu» behar direla gaineratu zuen.
«Guztiak gaude torturaren aurka eta tortura kasuak egon badira, ikertu beharra dago. Tortura onartzea giza eskubideen aurka joatea da, ekintza larria da eta guztiok egon behar dugu kontra», azaldu zuen.
Zentzu horretan, Rubalkabak «auzia larriagotu» egin dela adierazi zuen, kontuan hartuta «Grande Marlaska epaileak esaten duena» eta atxiloketaz ez zela indarkeria erabili esaten duen lekukoaren testigantza.
Hala ere, ez PSEk ez PPk, ez dute euren diskurtsoa aldatu Grande Marlascak kaleratutako autoa ezagutu ondoren. Epaileak azpimarratu zuen Igor Portuk eta Mattin Sarasolak atxiloketaren nahiz ondorengo torturen gainean informazio bera eman dutela, nahiz eta egun horietan inkomunikatuta egon diren eta ezin izan duten elkar ikusi.
PSEren izenean, Isabel Celaa legebiltzarkideak esan zuen ez dela beharrezkoa ikerketa abiaraztea Barne Ministerioaren barruan, bide judiziala abian delako Donostiako epaitegian eta beraz, «inork ez du eskatu behar hasteko». Celaak ezker abertzalea eta Gasteizko Gobernua kritikatu zituen Portuk eta Sarasolak egindako tortura salaketei sinesgarritasuna emateagatik.
Haren esanetan, ezker abertzaleak ez dauka «legitimitaterik» giza eskubideez hitz egiteko ez duelako ETA gaitzesten eta Lakuak «terrorismoari legitimazio politiko eta soziala kentzeko aukera galdu du».
PPko legebiltzarkide Carmelo Barriok berriz, atxiloketak direla garrantzitsuena esan zuen, tortura salaketak «terroristen eskuliburuetako» parte baitira.
Hori dela-eta, Guardia Zibilarentzat ustezko errugabetasuna errespetatzeko eskatu zuen Barriok. «Porturi eta Sarasolari buruz ustezko terrorista esanez hitzegiten dugun bezala -baina berak ez zuen hala egin bi gazteei buruz hitz egin zuenean-, aurkakoa frogatu arte ezin dugu esan guardia zibil batek tortura erabili duela», gaineratu zuen.
Nafarroako Parlamentuaren aurrean Aralarrek torturaren aurkako elkarretaratzea egin zuen atzo eguerdian Iruñean. 50 bat lagunek bat egin zuten «Tortura gaitzesten dugu, giza eskubide guztien alde» leloa hartuta egindako deialdiarekin.
Txentxo Jimenez Aralarren Nafarroako arduradunak esan zuenez, ez dute sinisten Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren atxiloketetako tratuari buruz Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuaren Barne ministroak emandako azalpena. «Tratu txarrak eman izanaren zantzuak daude», adierazi zuen Jimenezek eta halako gertaerak «atxiloketak grabatuz gero» saihestu daitezkeela nabarmendu zuen Aralarren ordezkariak.
Aralarrek Nafarroako Parlamentuaren Bozeramaileen Batzordearen premiazko bilera eskatu du Portu eta Sarasolaren kasua aztertzeko, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.
Horrela jokatzeagatik, indarkeria kasuetan «parte baten alde» egotea egotzi zien Jimenezek UPNri eta PSNri.
Marlascak berak onartu
Igor Portuk eta Mattin Sarasolak beren torturen testigantza gogorrak eman dituzte. Atxilotu eta gutxira, guardia zibilek gogor kolpatu zutela azaldu zuen Portuk, eta inguruko ibai batean ia ito arte burua uretan sartu ziotela salatu zuen. Ibilgailuan, mendian, ibaian eta polizia etxean pairatutako torturek ia heriotzeraino eraman zuten gazte lesakarra. Orain Zueran dago, eta litekeena da gaur senideen bisita izatea.
Sarasolak ere «tortura basatiak» salatu zituen, bost egunen ostean bere testigantza eman ahal izan zuenean. Kolpatu, mehatxatu, barrabiletatik tiratu eta etengabe poltsa jarri zioten, gutxienez bi aldiz, zorabiatu arte.
Gazteen testigantzek bat egin dute, inkomunikatuta egon diren arren. Grande-Marlaska epaileak hori onartu egin behar izan zuen. Bere autoan idatzitakoak agerian uzten du, beste behin ere, Gobernu espainolaren bertsioaren faltsutasuna.
Ezezagun batzuek molotov koktelak jaurti zituzten ostiral gauean BBVAk Lesakan duen bulego baten kontra. Kalteak «adierazgarriak» izan direla esan zuen Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak. Legorretan, tortura eta sakabanaketa salatzeko kutzazain bati eraso zioten, deitzaile batek GARAri adierazi zionez.