Fuenlabradari irabaziz gero, itzulia bigarren lekuan amaitzea eskura dago
GARA | BILBO
Koparako sailkatzeko helburua lortuta dela, serie-buru izatea eta aurreneko itzulia bigarren lekuan amaitzea eskuan dauka Iurbentia Bilbao Basketek.
Horretarako Alta Gestion Fuenlabradari irabazi egin beharko dio talde bilbotarrak La Casillan 12.30etik aurrera egingo duten partidan. 12 garaipen lortu dituzte bizkaitarrek lehenengo 16 neurketetan, eta ACB Ligan aurrendari ere izan dira. Bada, ligaren zati gogoangarri horri emandako amaiera eta entrenatzailearen kontratua luzatu izana ospatzeko aukera aparta daukate Txus Vidorreta eta enparauek.
Talde osoa jokatzeko moduan egongo da gainera. Astean Rancik eta Weis erdipurdi ibili dira lunbalgiaren eta gripearen erruz, hurrenez hurren, baina La Casillan izango dira gaur eguerdian.
Madrildarrak, berriz, ligari eskas ekin arren, gorantz datoz nabarmen eta egun 13. postuan daude sei garaipenekin. Hala ere, hegaleko Marko Tomas eta Peter John Ramos lesionatuen hutsunea nabarituko dute.
Bestetik, Marko Tomasen anaia Ivanek debuta egingo du Luis Casimirok zuzendu taldean.