TOP 14
Biarritzek galdu egin ditu aurrera egiteko aukerak
Lehen zatian ongi aritu ziren zuri-gorriak, aurretik izan ziren markagailuan, baina bigarren zati negargarri baten ostean, porrot handia jaso zuten
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Kolpe latza hartu zuen atzo Biarritzek. Galdu egin zuen Saracensen aurka, eta agur esan dio Europako Kopako final laurdenetan sartzeko aukerari. Matematikoki oraindik izan dezake, baina ia-ia ezinezkoa da aukera hori betetzea, orain hirugarren baita, atzo Glasgowk irabazi egin zuenez.
Atzo irabazita multzoko lehen postuan jarriko ziren, eta txartela ian eskuetan izango zuten, baina bigarren zati negargarri baten ostean, garaipenak ihes egin zien, eta nola gainera, bost entsegu jaso baitzituzten.
Hala ere, emaitzak ematen duen bezalakoa ez zen izan partida. Nola bukatu zen ikusita, badirudi ingelesek erraz bereganatu zituztela puntuak, baina, ez zen horrela izan.
Izan ere, norgehiagokan bi zati oso ezberdin izan baitziren. Lehen zatian euskaldunak ongi kokatu ziren. Zatirik gehienean nagusi izan ziren, eta markagailuan ere aitzinetik izan ziren.
Etxekoak aurreratu ziren zigor bati esker, baina hurrengo jokaldian Cabanesek entsegua egin zuen euskaldunen alde, eta Dupuyk ostikoarekin ez zuen hutsik egin. Jokalari berak beste zigor bat ere izan zuen, eta hori ere aprobetxatu zuen, eta markagailuan 3-10ekoa jarri zuten.
Atsedenera joateko hiru minutu geratzen zirenean, etxekoek beste zigor batez baliatu ziren aldea murrizteko, baina hurrengo jokaldian Dupuyk ez zuen huts egin euskaldunek alde izan zuten zigorrarekin, eta 6-13koa jarri zuen markagailuan. Lehen zatia amaitzeko minutu bat bestereik ez zen geratzen, eta bazirudien emaitza horrekin joango zirela atseden hartzera, baina hortxe hasi ziren amets gaiztoak.
Epaileak sei minutu luzatu zuen lehen zatia, eta azkeneko jokaldian etxekoek entsegua egin zuten eta ondorengoan transformazioa ere gauzatu zuten. 13-13 markagailuan, beraz, epaileak jokalariei aldageletara joateko deia egin zienean.
Bigarren zatian, ordea, gauzak erabat aldatu ziren, eta lehen zatiko azkeneko jokaldi horretan jasotako kolpea ezin izan zuten gainditu. Atzean erraztasun asko eman zituen. Aurrean ere ez zuten ezer egiten, eta ingelesek bidea zabalik izan zuten, eta ez zuten alferrik galdu, beste lau entsegu egin baitzituzten, eta garaipen handia lortu zuten.
Biarritz, berriz, zelaian galduta ibili zen. Zigor-kolpe bat gauzatu ahal izan zuten, baina ez zuten besterik egin. Porrot mingarria jaso zuten. Azkenaldian Biarritzen jokoan hobekuntza bat nabaritu da, baina atzoko bigarren zatia kezkatzeko modukoa izan zen. Ligan jarri beharko du burua Birritzek, nahiz eta Europako bidea ez den erabat itxi.
Biarritzen aurpegi ilunak ziren atzoko partidaren amaieran: «Hau oso mingarria da. Europatik kanpo geratzea kolpe latza da», esanez hasi zen hizketan, Jacques Delmas taldeko entrenatzailea.
«Uste dut horrelako jipoia ez genuela merezi. Lehen zati ona egin dugu, baina azkeneko jokaldian jaso dugun entseguak min handia egin digu. Orain helburuak bilatu beharko ditugu».