European Challenge
Galdu arren, bi puntu eskuratu ditu Aviron Baionakoak, baina gutxirako balioko dute
J.L. | BAIONA
European Challengeko azkenaurreko jardunaldia jokatu zuen atzo Avironek, etxeko azkena, baina ezin izan zien bere zalei garaipen bat eskaini, eta 24-26 galdu zuten. Hala ere, gauza bitxia gertatu zitzaion talde lapurtarrari, izan ere, bi puntu bonus lortu baitzituen. Bata erasoan egindakoa, eta bestea defentsan egindakoa.
Ez da oso normala lau entsegu eginda partida galtzea, baina horixe gertatu zen atzo. Zuri-urdinek lau entsegu egin zituzten, baina ostikoekin ez ziren fin aritu, eta hortxe egon zen atzoko porrotaren gakoa. Montpellierrek, aldiz, bi entsegu egin zituen, baina jaurtiketetan ongi ibili ziren, eta lau puntu eskuratzeko modua izan zuten.
Partida estua eta orekatua izan zen, markagailuan beti pare-parean izan ziren, eta atseden hartzera ere kanpotarrak bi puntu aitzinetik joan ziren, 12-16. Bigarren zatian ere gauzak bere horretan jarraitu zuten, baina azkenean garaipena kanpotarrek lortu zuten. Atzoko partida hasi aurretik ere sailkatzeko ez zuen inongo aukerarik, eta jardunaldi bat falta den arren, multzoko hirugarren postuan amaituko du. Beraz, Europako lehiaketatako final laurdenetan ez da euskal talderik izango.
Honako hau izan zen atzo Avironek zelaian jarri zuen hamabostekoa: Peyras, Gerber, Hegarti, Iñigo, Lhande, Larretxea, Tilloles, Fiorini, Hegi, Kopoliani, Springgay, Lafitte, Bernard, Marmouyet eta Haare. Bigarren zatian zehar, Lafont. Igiñiz, Linde, Deen, Vermis eta Edmonds ere aritu ziren.