GARA > Idatzia > Pilota

Binakako Txapelketa

Bikote gorriak partida osoa jokatu du urdinen ilunpetan

Gonzalezek Barriolaren agintea oso ongi baliatu du lehen ligaxkako bigarren garaipena eskuratzeko

p052_f01_199x116.jpg

OLAIZOLA II-ZEARRA 11

GONZALEZ-BARRIOLA 22

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Horrenbeste lan egin, eta etxera esku hutsik itzuli behar. Horixe gertatu zitzaien atzo Labriten Aimar Olaizola eta Oier Zearrari. Orotara ia bi orduko iraupena izan zuen partidan eta frontisera 829 pilotakada jo ondoren, Abel Barriolak eta Sebastien Gonzalezek merezita lortu zuten txapelketako bigarren puntua. Norgehiagokari ezertxo ere ez faltatzeko, gainera, hogei bat minutuko geldialdia ere egin behar izan zuten pilotariek frontoiko argia joan ostean.

Partidaren giltza Abel Barriolak eduki zuen hasiera-hasieratik. Atzeko koadroetan sekulako nagusitasunarekin hartu zuen mendean Oier Zearra -Galdakaokoak ez zuen gaizki jokatu baina nahiko justu ikusi zitzaion, batez ere, eskuinarekin- eta Gonzalezek haizea alde eduki zuen aurrean jokaldia nahierara amaitzeko. Horren aurrean, Aimar Olaizolak -hau ere asko saiatu zen baina, egiari zor, ez dago bere momenturik onenean- ezin izan zuen gauza askorik egin.

Oinarri horiekin, urdinak 13 eta 3 aurreratu ziren Labriteko markagailuan. Hasieratik lortu zituzten merituzko tantoak, baina aipagarrienak takada horren amaieran iritsi ziren. Txapela kentzekoak, Barriolak 11-3koan hormara itsatsitako pilota eta Gonzalezek 11-3koan txokoan egindako tantoa. Inoiz baino hobeto jokatzen ari ziren, baina neurketak oraindik ere luzerako eman behar zuen.

Argindarrak, kale

Une horretan, ordea, eta pilotariak atseden hartzen ari zirela, argindarrak kale egin eta pilotalekua ilunpetan geratu zen. Dirudienez, Juan del Labrit kale osoa geratu zen argirik gabe eta, argindarra segituan itzuli arren, frontoiko fokuak berriz ere ongi berotu arte hogei bat minutu itxaron behar izan zuten kirolariek. Geldialdiaren osteko lehen tantoa partidako gogorrena izan zen, gainera, 82 pilotakadaz, eta Abel Barriolak kontraktura txiki bat izan zuen bikian. Aldageletara sartu behar izan zuen 4-13koan eta neurketa are eta gehiago hoztu zen.

Gertaera horiek denak baliatuta eta, batez ere, Abel Barriola kantxara beldurrez itzuli zela kontuan hartuta, gorrien susperraldi txiki bat iritsi zen. Zearrak ez zuen horrenbeste sufritzen eta Aimar Olaizolak aukera gehiago izan zuen tantoa amaitzeko. Politenak ezkerrez lortutako 6-15 eta 7-15ekoak izan ziren eta markagailua 9-15era hurbiltzea lortu zuten.

Baina urdinak ez zeuden partida galtzeko prest eta Barriola berriz ere partidan sartzen joan ahala, Gonzalezek sekulako erakustaldia eman zuen partida amaieran. Zazpi tanto egin zituen ia segidan, lau erremate aurrean eta bi errebote atzean, eta hortxe eman zion amaiera partida luze eta gogorrari.

Garaipen horri esker, Gonzalez eta Barriolak bi puntu dituzte jada eta lasaitasun handiz jokatuko dituzte geratzen diren sei partidak. Olaizola eta Zearrak, aldiz, asko hobetu beharko dute geratzen diren sei horietatik lau edo bost, gutxienez, irabazten saiatzeko.

Irabazleen lehia, Eibarren

Gaur jokatuko da Eibarko Astelena pilotalekuan (18.15, ETB-1) bigarren jardunaldiko hirugarren norgehiagoka. Olaizola I.ak eta Otxandorenak -Belokiren ordezkoa- Xala eta Pascualen aurka neurtuko dituzte indarrak. Oraingoz, bi bikoteek puntu bana dute lehen jardunaldian lortutako garaipenei esker.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo