GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Burutik egindako boxeolarien gisan

Hamaika muturreko hartu ondoren burutik jotako boxeolarien moduan, oraindik ringean zutik baina errealitatearen zantzua galduta, dabil Bush Ekialdeko Hurbileko itzulia egiten. Ez da, alajainkoa, beti azeriz gainezka egon den ingurumen politiko batean errespetua, are gutxiago miresmena, jasotzeko modurik aproposena. Baina kanpaiaren zain dagoen burugabe hori munduko gizonik ahaltsuena da oraindik eta, iraganean inguruan eduki dituen otsoen malezia ere galdu duelako, ergelen arriskugarritasun gehitua suposatu behar zaio.

Dramaren alderdi komikoa, Condoleezza Rice-i batere barregurarik eragingo ez bazion ere, Israelgo agintariekin egindako afarian gertatuan isla daiteke: neurri ez taxurik gabe Israelgo barne gorabeheretan murgiltzen ari zenean, Bushi oharra helarazi zion Condyk: «Hago isilik!». Eta hark, isildu ordez, jendaurrean irakurri egin zuen ohartxoa. Entzuleak, noski, algara batean. Eta nor bere golkorako kontuak ateratzen, noski baino noskiago: «Noren eskuetan gauden!». Alderdi tragikoa, dudarik gabe, Petraeus jeneralarekin larunbatean Kuwaiten egindako bilkuran agertuko zen. Baina auskalo boxeolari zorabiatuak benetan ulertu duen bere jeneralek esango ziotena. Zer esango zioten? Seguru aski gogoraraziko zioten 50 egun falta direla Al Sadr-ek abuztuan iragarritako su-etena amai dadin, eta beronen luzapena nahitaezkoa dela Estatu Batuetako iritzi publikoa pittin bat lasaitu duen heriotzen murrizketari eutsi nahi bazaio. Eta horretarako, gerrillari sunniekin egin den bezalaxe, gozotasuna erabili beharko dela xii gogorrenekin ere, eta ez kilimarik egin Irani. Eta...

Errealismo fantastikoaren atala izango da, hala ere, gogoangarriena. Holokaustoaren museoa bisitatu ondoren egin zituen adierazpenek, hegazkinek aliatuek Auschwitzeko hiltegia bonbardatu behar zutela eta abar esanez, nor den, nondik datorren... zantzua ere galdu duenaren adierazpenak baitira. Nazien genozidioak eragozteko aliatuek egin zezaketena, eta egin ez zutena, hausnartzea gauza bat baita; baina hori harridurarik gabe George W. Bushi entzun ahal izateko, Prescott Bush-en biloba eta George Herbert Walker-en birloba dela ahaztu beharko genuke. Hau da, sasoi hartan bertan naziek Estatu Batuetan zituzten interes ekonomiko nagusien testaferroen oinordeko zuzena.

Eta oraingoz ez gaude horrenbesteraino burutik eginda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo