Hala Bedi irratia, mende laurdena uhinetan entzungai
Urrun gelditu da Hala Bedi irratiak eraikin partikularretatik emititzen zuen garaia. Duela 25 urte Gasteizen jaiotako irrati libre honek autogestioa eta batzarra ditu oinarri nagusitzat. Urteurrena ospatzeko hirian zehar ekimen ezberdinak antolatuko dituzte.
Itziar PEREZ | IRUÑEA
Hogeita bost urte ez dira gutxi, ez. Gasteizko Hala Bedi irrati libreak mende laurdena darama irrati uhinetan entzungai. 1983an abiatutako proiektu honek egoera oso ezberdinak bizi izan ditu, hala nola, bost itxiera, eraikin partikularretatik emititu zuten garaia, atxiloketak, irratsaio bereziak edota egoitzaren inaugurazio festa. Erabakiak batzarrean hartzen dituzte, astean behin ospatu ohi duten bilera batean. Ondoren, bertan hartutako erabakiak lan talde ezberdinek jartzen dituzte martxan.
Aldaketei dagokienez, Gorka Elgoibar irratiko kidearen esanetan, «urte hauetako aldaketaren bat aipatzearren, kolektiboari dagokiona aipa genezake. Hasiera batean proiektua kolektibo ezberdinek osatzen zuten eta, urteek aurrera egin ahala, komunikazio proiektu propioa garatu dugu. Ondorioz, komunikatzea helburu duen kolektiboa bilakatu gara». Irrati libreek bizirauteko egin beharreko ahalegina ikaragarria dela uste du Elgoibarrek, «batez ere gizarte ikuspegitik ikusita, horregatik, harrotasun eta begirune handia zor diegu irratian lan egin duten lagun guztiei». Gaur egun 100 pertsona inguru ari dira lanean irratian eta 700 Halabelarri ditu, hilero laguntza ekonomikoa ematen duten bazkideak, alegia.
Programazioaren inguruan, Elgoibarren ustez, «azken urteetako bideari ekingo diogu, informazio aberatsa zein gertukoa eskainiz. Berrikuntzak ere izanen ditugu, larunbat goizetan entzungai izango den emakumeen gaiak jorratuko dituen magazina prestatzen ari gara».
Urteurrena abuztuaren 6an izango bada ere, Hala Bediko kideek ikasturtean zehar ere hainbat ekimen antolatuko dituzte. Horietako asko oraindik zehazteke badaude ere, inauterietan Hala Beditarrak kalera irtengo dira. Honez gainera, Gasteizko jaietan, abuztuaren 5ean, egun handi bat izango dute, izan ere, hiriko gaztetxeak 20 urte beteko ditu aurten eta bertako kideekin ari baitira lanean ekitaldiz betetako egun bat antolatzen. Irratsaioak zuzenean entzuteko aukera ere izango dute Hala Bedi irratiko zaleek, izen bereko tabernan hilean behin saio bereziak eskaintzeko asmoa baitute.