Ixabel Etxeberria Irakaslea
Eraso guztiak batean!
Berriz ere bildu dira eta erabaki berriak hartu dituzte. Talde azkarragoa osatuko omen dute Euskal Herriko gatazkan eragingarriago izateko. Baina, gatazkarik ez omen dago!
Berriz ere bildu dira eta erabaki berriak hartu dituzte. Talde azkarragoa osatuko omen dute Euskal Herriko gatazkan eragingarriago izateko. Baina, gatazkarik ez omen dago! Guretzat ez luke egon behar, naturalki, euskal herritar gisa bizi behar genuke, ditugun eskubide guztiekin lasai bizi behar genuke. Beraz, gatazka sortuko dute, kalaka txostenak aterako dituzte eta kalaka delituak asmatuko. Zeren, talde azkar bat antolatzen badute emaitzak beharko dituzte, Frantziako Barne ministroak kuotak baititu, presidenteari erakutsi behar dio agindu dion ardura betetzen duela, atxiloketak egin eta zigorrak betearazi egiten direla.
Gaurko aktualitateak historiara itzultzen gaitu zoritxarrez, ez baitugu beste erremediorik gaurkoaren ulertzeko, eta sinisteko. Petain oso maitatua zen, paper garrantzitsua jokatu zuen lehen gerlan, bigarrenean naziekin negoziatzea nahiago izan zuen, lurralde gehiena alemanen esku utzi zuen. Juduak heriotzara eramaten laguntza ekarri zuen ere bai. Hau zitekeen aterabide hoberena Frantziarentzat. Politiko arduratsu eta zintzoa omen zen.
Orduko komisaldegietan torturatzen zen, denek bazekiten, oso jende lanjerosa atxilotzen omen zuten. Militar bat hiltzen zelarik herritarrak hartzen zituzten eta fusilatzen, ekintzaileak ez baziren salatzen. Nonbait ardura zerbait zuketen ez bazituzten salatzen! Legea zen. Aljerian frantses armadak tortura erabiltzen zuen, Le Penek beti babestu du errealitate hori, hau zela bide laburrena FLNaren aurka joateko. Hor ere jende lanjerosa torturatzen omen zuten. Mitterrand deitzen zen garai hartako Barne ministroa.
Hain lanjerosak ziren horiek garaipena lortu zuten, jende askoren laguntzarekin, jende gehiengoaren pasibotasunaren aurka. Noski, Txekiak eta Eslovakiak independentzia lortu dute era baketsuan, hau txalogarria da, beste herri batzuek ere lortu dute. Noski, bakea da biderik egokiena, hau da nahi duguna gure gazteentzat.
Oso bortitzak dira, nahiago lukete Euskal Herria euskaldunik gabe.
Lege berri bat bozkatu dute Parisen, gauez, prentsan ez dute ia aipatu ere. Alegia, presondegi zigorra betetzen delarik, askatu behar den presoak lanjer gehigarri baten susmoa sortzen badu, preso atxikitzeko aukera izanen da, mugarik gabe. Lege hori erabaki zuten pedofilia kasu batzuengatik, kasu bereziak, larriak. Pentsatzen dut preso politikoen kasuetan oso baliagarria izanen zaiela. Amnesty Internationalek horren salaketa egin du, baina Vatikanoak dio AI erakundea ez dela gehiago lagundu behar, abortuaren alde baita. Eraso guztiak batean!
Frantziako agintariek oso indartsu sentitzen dira askatasunen aurka joateko, ez baitute oztoporik aurkitzen aurrean. Ezkerra desagertua baita. Lanaren legediaren aldaketa ari dira prestatzen, nagusiak urtetan desegiten saiatu direna. Luzaz ezinezkoa zela pentsatzen genuena gertatzen ari da. Le Pen omen zen eskuin muturra. Hala bada, Sarkozy zer ote da?