KRONIKA | ZALDI LASTERKETA DONOSTIAN
Urertzeko legarra harrotzen duen trosta biziaren zirrara
Ondarretako pasealekuak hamaika begi ditu; denak hondarrera adi. Eta ez da harritzekoa, ikusgarria baita uraren ertzean zaldiak trosta bizian ikustea, hankekin legarra harrotuz. Erne, hortaz, irakurle. lasterketa hastera doa.
Maider IANTZI
Baina aitzinetik animaliak prestatu behar dira: gurditik jaitsi, lasaitu, aulkiak paratu, dagozkien zenbakiak ere bai... Batzuei «galtzerdi» zuri-urdinak janzten dizkiete; bertzeei gorriak. Lehiaren aurreko lan horietan harrapatu dugu Xabin Lazkano getariarra, Pas bere zaldiarekin eta herriko lagunekin.
Lasterketak hiru txanda izanen dituela azaldu digu. Aldi babakoitzean lau zaldik eginen dute korrika eta horietako bi onenak finalerako sailkatuko dira. Azkenean sei lagun borrokatuko dira, beraz, txapela irabazteko. Getariako gazteak kontatu digunez, orain dela zazpi urte hasi zen zaldi gainean ibiltzen eta ondoko herrietan egiten ziren lasterketetan parte hartzen. Antiguako jaietan antolatutako lasterketa honen zailtasunez galdetuta, bihurgune anitz dituela eta zirkuitu txikia dela aipatu digu. «Abiadura pixka bat harrapatzen da eta zaldia kontrolatu behar da».
Getariarrak dauden tokitik hurbil, Iñaki Yeregi eta familia osoa ikusi dugu prestaketa lanetan. Usurbilen bizi den andoaindar honek orain dela bizpahiru aste egin zuen debuta Orion Naia bere zaldiarekin, eta gustura ibili zela aitortu digu, «saltsan». Oraintxe atera dute Naia gurditik eta mugimendu zakar samarrak egiten ditu; urduri dagoen seinale. Ilobak eta koinatua inguruan ditu Yeregik. Azken hori izan zen, hain zuzen ere, duela 15 urte zaldi bat etxera ekarri eta pixkanaka-pixkanaka familia osoa zaletu zuena.
Hamabiak eta laurden dira eta Ondarreta pasealekua jendez gainezka dago. Lasterkariak lehian ikusteko irrikaz dauden lagun horiek guztiek pixka batean itxaron beharko dute oraindik, baina itxaronaldi atsegina izanen da, Lesakako «cowboy» batek erakustaldia eginen baitu hondartzan. Koikili da cowboy-aren izena eta «betidanik» izan du harremana zaldiekin. Aitona ibili zen aurrena, gero aita, Koikili bera ondoren, eta seme-alabak ere bai orain. «Aitak Estatu Batuetan lanean eman zituen zazpi urte eta osaba batzuk ere baditut han. Ni 76an joan nintzen eta zaldiak hezteko teknika bat, `lazazia' izenekoa, aplikatu nuen. Aita tratularia izanik, beti ibili gara etxean aziendarekin».
Koikilik azaldu digu zaldien hezieran, «western» modalitatearen barrenean, hainbat ariketa daudela. Horietako bat da «lazazia», Ondarretako hondartzan erakutsi duena. Ondoren, «hezte naturala» aplikatu du. Animaliari askatasuna eman eta gorputz adierazpena erabiliz, bortxarik gabe heztea da «hezte naturala». «Zaldiak arazo sikikoren bat duenean egiten da eta hezitzailea animaliaren gainetik egon beharrean, biak parean egotea lortzen da».
Lehenbiziko txandako lau zaldiak irteera puntura joan dira. Abiada bizian abiatu dira denak eta hiru itzuli eman dizkiote legarrean, uraren ertzean, marraztutako ibilbideari. Iñaki Yeregik ikara txikiren bat izan du, zalditik erori baita. Zaldiak halako ziztuan ondotik pasatzeak zirrara eragin dio haize zakarrak hoztutako ikusleari.
Itsasora ihesi
Bigarren txandan ere izan da erorketarik eta DYAko langileek artatu dute lasterkari kolpatua. Zaldiak, berriz, itsasora egin du ihes eta gazte batek joan behar izan du bila. Emozioz beteta egon dira hirugarren txanda eta finala ere, eta Xabin Lazkanok eskuratu du txapel preziatua. Hala dago Millan Telleria antolatzailea ere txapelketaren bukaeran, emozionatuta. Eta kontent ere bai. Ikuskizuna hagitz polita eta jendetsua izan dela baieztatu du eta, orokorrean, parte hartzaileak esperientziadunak direla jakinarazi du, mendian dezente ibiltzen direnak.
Ez da Iratxe Urriolabeitia gernikarraren kasua. Neskak 18 urte ditu eta esperientzia gutxi du lasterketetan; jauzietan ibiltzen da gehiago. Hala ere, bere zaldi Aikonoa sarri ibiltzen da hondartzan; Bizkaian, Gipuzkoan eta Kantabrian ere bai. Hala kontatu digu neska gazteak animalia lasaitzen ahalegindu bitartean. Aulkia, poltsa eta tramankulu guztiak amari utzi eta kazetariekin solastatzera joan da. Anitzek galdetzen diote elkarrizketa. Bitartean Kontxirekin egon gara, amarekin, eta lasterketan urduri egon dela aitortu digu, batez ere bihurguneetan. Hala ere, alaba pozik ibiltzen da eta senarrak eta biek lagundu egiten diote ahal dutenean. Etxea garaikurrez beteta dute.