Aizkora | Urrezko Aizkora
Mindegia eta Rekondo ere hurrengo fasean izango dira
Ezkurrakoa eta Leitzakoa faboritoak ziren, baina garaipena lortu ahal izateko lan asko egin behar izan zuten, Mugertza I.a eta Barberena ere ongi aritu baitziren, eta estu hartu baitzituzten
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Ez zen ezusterik izan, eta Mindegiak eta Rekondok irabazi zuten Urrezko Aizkorako lehen faseko azkeneko jardunaldia, eta final laurdenetan izango dira. Hor Nazabalen eta Mugertza II.aren aurka neurtu beharko dituzte indarrak.
Jende dezente batu zen atzo Lekunberrin, norgehiagoka hau ikusteko asmoarekin. Jendeak argi zuen zein zen faborito, baina lan asko egin behar izan zuten garaipena lortu ahal izateko.
Proba guztietan izan zen emozioa, eta tarte oso txikia izan zen denetan. Hala, garbi zegoen azken txanda libreko lan luzean erabaki beharko zela neurketa eta horrelaxe izan zen. Azkeneko lantegi horretan, bikote bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituen. Ezkurrakoak eta Leitzakoak 29 segundoko tartea bakarrik zuten beren alde. Abantailarekin ekiten zioten, baina Barberenak eta Mugertzak ere bazituzten aukerak, nahiz eta gero ezin izan zuten irabazi.
Azkeneko proban ere bikote nafarra gailendu zen, eta minutu erdiko abantaila hartu zien Mutrikukoari eta Beruetekoari. Amaieran, lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 21 segundo behar izan zituzten Rekondok eta Mindegiak, eta Mugertzak eta Barberenak, aldiz, 23 minutu eta 24 segundo.
Gazteen proban ere ez zen ezusterik gertatu, eta Larretxea lehengusuek irabazi zuten, nahiz eta horretarako lan asko egin behar izan zuten. Saralegik eta Olanok lehen aldiz hartu zuten parte lehiaketa honetan, eta oso lan ona egin zuten. Txanda libreko saio luzera bederatzi segundoko aldearekin heldu ziren, baina abantailari ezin izan zioten eutsi, eta faboritoek irabazi zuten. Larretxea lehengusuek, 14 minutu eta 53 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko, eta Saralegik eta Olanok, aldiz, 15 minutu eta 12 segundo.
Ez dago apusturik
Anjel Arrospidek ez du apustua egiterik lortu. Herenegun ilunabarrerako jarri zuen zita Kantabriko tabernan, Tolosan, eta han agertu zen, GARAk iragarri zuen bezalaxe Donato Larretxea. Leaburukoak, sei oinbikotara egin zuen erronka. Horietako hiru zutik egon behar zuten, eta beste hiru etzanda. Azkenean, ordea, ez zen akordiorik egon. Larretxea ados zegoen hiru oinbiko zutik mozteko, baina etzandakoak kendu, eta hamar kana-erdiko sartzea proposatu zuen. Eztabaidan aritu ostean, ez zen akordiorik egon, eta apusturik egin gabe geratu ziren. Hori bai, Arrospidek eta bere kideek hitzartu zuten proposamen berri hori aztertu eta ondoren erantzuna emango diotela.
Larretxea, ordea, ez zen gustura geratu, bera apustua egiteko gogoz baitago, eta Arrospiderekin bilera amaitu ostean, berak bota zuen erronka. Nafarra prest dago edozeini hogei kana-erdikotara jokatzeko, eta inork erantzun nahi baldin badio, bera datorren larunbatean Tolosan egongo da Kantabriko tabernan, 20.00etatik aurrera.
Berak edozeini bota dio desafioa, baina askok Mindegiari botatakoa dela uste dute. Iaz ere bi hauek jokatzekotan izan ziren, baina Mindegiak min hartu, eta ez zen ezer egin. Datorren larunbatean, agian, gauzatzeko modua izango dute.