GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | MALETILEN MATXINADAREN AFARIA

Je, argazkiak afariaren ondoren atera izan bagenitu...

Nola deskribatzen da irribarrea? Izena bera nahikoa al da? Nola umorea eta argitasuna? Artista izan behar horretarako, eta gu, zer egingo diogu bada, kazetariak besterik ez gara. Bakoitzak berea egiten nahikoa lan baduela esanez lasaitu beharko dugu geure burua, baina a zer inbidia ematen duten artistek, e!

p004_f01_200x133.jpg

Josu JUARISTI

Halako asko bildu zuen GARAk larunbat iluntzean Lizeaga sagardotegian. Illunbeko Maletillen afaria zen, GARAk azaroa eta abendua partean proposatutako bertso jokoari amaiera txukuna emateko antolatu genuen eta, agian txukuna hitzik egokiena ez bada ere... ederki pasatu genuen. Bide batez, GARAren bertso jokoaren eta Egaña, Lujanbio, Silveira eta Paya bertsolarien bueltan bildutako laurogeita hamar lagun inguruk txotx denboraldia inork baino lehenago estreinatzeko aukera izan zuten (genuen). Eta inor ez zegoen barkatzeko, e!

Etxekoak kenduta, Lizeaga sagardotegiko tunela ere geuk estreinatu genuen, atzera-aurrera, aurrera-atzera, orduren batetik aurrera ez baitzen erraza jakitea soka non hasten zen, eta non bukatzen. Hasi, egia esan, kostata hasi zen. Jende gehiena puntual, formal-formal, jarritako orduan, eta azkenak eman zion argi berdea gauari... irribarre batez, Lujanbiorena.

Eta denak, maletillak eta artista titularrak, generoan kontzentratuta. Baina, hau ez al zen bertso afaria edo antzeko zerbait?

Afaria bazen, bistan zenez, eta bikaina. Lagunartekoa. Etxeko nagusia batetik bestera, halako batean, kupelen «giltza» Silveirari eman zion arte... Edo beste norbait ote zen? Edo denak? Dios, ederra ziok ba!

Ez dago oso garbi zein hasi zen kantatzen, kupelari itsatsita zirudien maletilla txikia edo Egaña eta Paya. Silveira ere hurbildu zen halako batean, gaizto aurpegiarekin, baina alfer antzean, bukaerak errepikatzeko ere asti handirik gabe.

Beroketak

Realaren partidu aurreko minutuak balira bezala (edo Athleticenak, edo Osasunarenak, edo Alavesenak, edo BO-renak, denetik baitzegoen Lizeagan larunbat gauean), beroketa lanetan hasi ziren gure lau zezenak, xuabe-xuabe, tentatzen hasteko edo. Baina maletillak beroak dira, batzuk behinik behin (lotsati asko gelditu zen isilik... neu barne), eta Spotean bertsoa bukatu ezinik laga zuen maletilla luzeak egin zuen berehala salto plazara. Oinetakoetan ez ginen fijatu, baina kapotearen faltan aho-zapia zeraman soinean, txuri-urdina, ibilia eta ikasia. Tira, ikasia zela esaten zuten batzuek. Nik ezin esan. Jende artean, behetik ezin, bada, dena ikusi. Baina ausart atera zen mutila... eta bizkarreko ederrak hartu zituen bueltan (je, lanera iristen denean ere ez du giro izango gaur!). Badakizue, artistak, zirikatu izan dituztenean ere, beti artista.

Etxe honetako nagusiari ere eskaini zion bere burua Egañak, baina ez zen fidatu: «Eta bukaeran mutu uzten banau?». Gutxien espero denean, izan ere, loroa isil-isilik gelditzen baita.

Beste txotx oihu batzuk behar izan ziren beroketa aldia amaitutzat emateko eta ausartzen ziren maletillei kamisetak banatzen hasteko. Neskak animatzen ere saiatu zen Lujanbio, baina mutilak harroxeago ibili ziren. Baina, ez pentsa neska denak mutu geratu zirenik, e! Azpeitiar bat (beste bat! -hau azkoitiarrak dio, umore onez-) jo ta su aritu zen, egurrin! Kastaz etortzen denean horixe gertatzen omen da. Hori zioten zekitenek (eta asko ziren Lizeagan).

Gero denetik izan zen. Berriketaldi ederrak eta tiki-taka zoragarriak. Hitz joko freskoak eta plaza «ofizialetan» gutxitan entzuten dien arrazoiak, eta irribarreak eta barre algarak (algarak nabarmendu behar genituzke, irribarrea ez baigenuen gau osoan galdu).

Bukaeraren bukaera beste norbaitek kontatu (eta kantatu) beharko du. Han utzi nituen nik bat eta bi baino gehiago. Etxekoak ohea harrapatzeko desiatzen, Egañarentzako sukaldetik azkeneko puro txikia ekartzen zuten bitartean. Maletilla eta titular batzuk alde egin ezinean. Zer, bada? Goizeko hirurak baino askoz goizago ere ez zen izango behintzat... ala bai? Ez dakit, hain azkar pasatzen dira, izan ere, irribarrearen ordu txikiak...

Jokatuko nuke Txirritak berak ere majo disfrutatu zuela kupel gaineko argazkitik.

Gu ere poz-pozik. Illunbeko maletillaren bertso jokoarekin disfrutatu genuen, eta beste horrenbeste eta gehiago afariarekin. Errepikatu egin beharko dugu, ezta? A, afari ondorengo argazkiak dituenak... tira, ez dakit, etxean gordeta agian hobe...! Eskerrik asko denoi!

Harrobi bikaina

Egurrean batzuetan, eta nahastuta bestetan, bi argazkiotan ikus daitekeen bezala. Horrelaxe ibili ziren sagardotegian zezenak (Egaña eta Lujanbio ondoko argazkian) eta maletillak, baita epaileak ere. Maletillen matxinadaren I. afaria zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo