GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Henrike Knörr Euskal Filologiako katedraduna da eta euskaltzain osoa

Itzali zaigu Sara etxeko emakume ona

Etxe berria egitean ere parte handia izan zuen Pilarrek: lurra erosi, langileekin mintzatu, planaren arabera lana betetzen ari zenentz ikusi... 1950ean aipatzen da lehenbiziko aldiz etxea eraikitzeko asmoa, eta zama handiena Pilarrek eraman zuen

Urtats egunean, isilik, bakez, hil zen Ataungo bere etxean Pilar Barandiaran, 96 urterekin. Hilerrian datza orain bere osaba Jose Miguelen ondoan, biek nahi zuten bezala.

1936ko gerra piztu zenean, Debako Urtiaga lezea zuten lantoki Aranzadi, Eguren eta Barandiaranek. «Los tres tristes trogloditas» izendatu zituen kazetalari batek umorez; umorez baina okerrez. Hiru ziren, bai, baina ez tristeak ezta trogloditak ere (lezean ez baitziren bizi). Barandiaranek Lapurdira ihes egin zuen orduan, zer egin ez zekiela. Behin baino gehiagotan eman zien aditzera Gasteizko apaizgaitegiko agintari berriei Gasteiza itzuli nahi zuela. Haiek, berriz: «Deituko zaitugu». Ez zuten hori sekula egin.

Bizitoki bila ibili zen Barandiaran. Baionako apaizgaitegia eta Belokeko monasterioa izan ziren, besteak beste, aldi baterako haren aterpeak. Azkenean, Saran aurkitu zuen etxea, Ibarsoroberria. Eta han egokitu zen 1940ko azaroan, Pilar ilobarekin. Barandiaran Fundazioak aurten argitaratuko duen egunkariaren bigarren liburukian hau irakurtzen dugu: «Me traslado a Sara con mi sobrina Pilar. Nos instalamos en la casa Ibarsoroberria. Pensamos residir en adelante en este pintoresco pueblo. El traslado de los muebles en autocamión me ha costado 350 francos. En Sara me esperaba D. Bernardo de Aurkia, quien me ha gestionado el logro de la casa. Es ésta de una familia belga que pasa el invierno en Bélgica, y que, según suponen D. Bernardo de Aurkia y los encargados de cuidar dicha casa (no se puede comunicar por correo con Bélgica), se verá contenta de que yo la ocupe. Esta casa es de la novelista belga Mme. France Adine». Aurkia hori gipuzkoar apaiz bat izan zen. Esan beharrik ez da, II. Mundu Gerra hasia zen eta Belgika naziek okupatua zegoen.

Mende erdi bizi izan zen Pilar osabarekin. Saran lehenik eta Ataunen gero, 1953az gero, jakintsua 1991n hil zen arte. Etxeko lanak eginez soilik? Inola ere ez. Egunkaria aski garbi mintzo da. Osabarekin maiz joaten zen hona eta hara, etxe batera eta bestera, maiz nor bere motoan. Eta beti zubigile lanean, hainbeste eta hainbeste dei eta bisita antolatzen. Ez baitziren bat edo bi. Hara zer idatzi zuen Barandiarenek 1948 urte bukarean: «1948 urtean 215 otordu eman ditugu gure etxean, etorri zaizkigun adiskide eta arrotzai». Axularrek Etxauz Baionako apezpikuaz dioena esan daiteke zinez Barandiaranez eta haren ilobaz: «Zure etxea (...) betiere izatu da euskaldunen etxea, pausalekua eta portua».

Osabak ez bezala, ilobak bazuen Atauna joatea. Berriak ez ziren beti gozoak, jakina. Hara 1940ko irailean osabak bere egunkarian idatzia: «Vuelve de Ataun la sobrina Pilar. Noticias poco tranquilizadoras de aquel lado: muchos odios, mucha escasez de víveres, mucha carestía, jornales bajos, poco trabajo: son las consecuencias de la guerra. La gente descontenta con la situación política actual».

Ataungo etxe berria egitean ere parte handia izan zuen Pilarrek: lurra erosi, langileekin mintzatu, planaren arabera lana betetzen ari zenentz ikusi... 1950ean aipatzen da lehenbiziko aldiz etxea eraikitzeko asmoa, eta zama handiena Pilarrek eraman zuen. Sara eman zion izena Barandiaranek, aterpe-herriaren oroigarri, baina lehen pentsatu zuen izena ez zen hori izan, Ikaste(g)i baizik.

Pilar, emakume argia izateaz gain, alaia izan da guztientzat, eta lanerako beti prest. Etxe hartan hilabete bizitzeko zoria izan dut (1970ean) eta lekuko naiz. Goizeko 6etan jaikitzen zen Jose Miguel Barandiaran, lanari ekiteko, eta ez askoz geroago iloba ere.

2006ko azaroaren batean egin zitzaion Pilar Barandiarani omenaldia, eta Juan Gorriti zizelkariaren lan bat eskaini. Pilarren gogoa aski lausotua zegoen orduko. Urtebete eta zerbaixka gehiago bizi izan da. Bizi dadila orain guztion oroitzapenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo