GARA > Idatzia > Euskal Herria

Metro Bilbaok hizkuntza berdintasunez erabiltzeko gida liburua atera du

GARA |

Metro Bilbaok enpresako komunikazio ekintza guztietan hizkuntza berdintasunez erabiltzeko liburuxka plazaratu du. www.metrobilbao.com-en irakurtzen ahal da, eta barrurako zein kanporako testuak sortzen dituen jendearentzat baliagarria izatea nahi dute.

Bi atal ditu. Lehenengoan Metro Bilbaoko kideentzat gertukoak eta ezagunak diren adibideak baliatu dituzte hizkuntza nola erabili behar den edo nola erabil daitekeen erakusteko. Nola hobetu ere proposatzen dute, eta erakundean gehien erabiltzen diren hitzen zerrenda ere erantsi dute eguneroko lana erraztu eta arintze aldera. Bigarrenean, irudiak jorratu dituzte eta oinarrizko ildoak zehaztu ere bai. Horietan argi utzi dute afixetan eta publizitateko iragarkietan argazkiak eta marrazkiak erabili behar direnean emakumeak zein gizonezkoak maila berean daudela.

Gidaliburu hau argitaratzearen ideia 2004an sortu zen; langile gehienek komunikazioari eta generoari buruzko ikastaroak jaso zituzten garaian, hain zuzen. Sailetako buruek, agintedunek, arduradun teknikoek, bezeroen arretako langileek, geltokietakoek eta sindikatuetako ordezkariek hartu zuten parte ikastaro horietan. Horretan murgilduta zeudenean otu zitzaien gida osatzea.

Ingurukoentzat akuilu

Metro Bilbaorentzat hizkuntza «funtsezkoa da berdintasunaren puzzlea ondo osatzeko eta emakumeak dagokien tokian eta moduan ikustea eta erakustea lortzeko». Horregatik, akuilu izateko asmoa du inguruko beste enpresa batzuetan ere berdintasun ekintzak eta planak bidera daitezen.

Gogora ekarri dutenez, berdintasunaren alorrean hobetzeko ekintza gehiago ere egin dituzte; Metro Bilbao Bizkaiko Aldundiaren Parekatuz sareari eta Lakuaren Optima programari heldu zion lehenengo enpresetako bat izan zela eta Europar Batasunak ematen dituen gomendioak betetzen dituela baieztatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo