Euskal Herriko ondarea salgai -eta merke-
Sotheby's Londreseko enkante etxe famatua da. Herritar xumeek honelako tokiak luxuarekin lotzen dituzte: artelanak, bitxiak... Neurriz kanpoko diru kopuruak eta upper class delakoaren kapritxoak biltzen diren tokia da Sotheby's gure irudizko munduan. Jakina, luxuarekin harreman gutxi, eta batez ere, harreman «katodikoa» duten herritarrez ari gara. Nolanahi ere, herritarrentzat arrotza den mundu horrek, uste baino harreman zuzenagoa du gure bizitzarekin. Ez herritar bakanon bizitzarekin, baizik eta gurea bezalako herri eta hizkuntza minorizatuen bizitzarekin. Izan ere, aste honetan Euskaltzaindiak Leizarragaren «Testamentu berria» 27.000 eurotan erosi du Sotheby'sen. Leizarragaren testua euskaraz argitaratutako bigarren liburua da, 1571. urtekoa. Euskal ondarearen altxor hori enkantean atera zen iazko azaroan, baina inork ez zuen erosi nahi izan. Euskaltzaindiak tratua egin du enkante etxearekin, eta gure kulturaren eta herriaren historia ulertzeko erabakigarria den dokumentua, euskararen akademiaren esku egongo da aurrerantzean.
Berria, noski, pozgarria da. Baina, aldi berean, albiste erabat kezkagarria da. Gama ertaineko kotxe baten prezioan eta edozein aberatsen esku egon da dokumentua, arriskuan, alegia. Eta hori bai, herri honek onar ezin dezakeen luxua da.