Golkoko bazarretan armak saldu nahian
Ekialde Hurbilera George Bushek egin duen bisita azken txanpan sartu da. Palestinan Abbu Abbasen lidergoa indartzeko eskaera egin eta Irani eskualdeko gaitz guztiak leporatu ondoren, Bushen bisitari etekinak ateratzeko ordua iritsi omen da. Golkoko herriak bisitatzeko arrazoi nagusia arma kontratu berriak sinatzea da. Emirerriak, Saudi Arabia, Kuwait, Qatar... Washingtongo aliatu politiko preziatuak izateaz gain, bezero ezin hobeak baitira. Herri horien gobernu buruek demokrazia zer den ez dakite, eta giza eskubideak etengabe urratzen dituzte. Edonola ere, Bushek ez du inolako arazorik ikusten Golkoko bazarretan gero eta arma gehiago saltzeko. Bere jokabide horrek Ekialde Hurbileko eskualdean dauden era askotariko suak pizteko arriskua bikoizteko balio badu ere, bost axola dio.
Bere azken agintaldiaren bukaeran, Ekialde Hurbilak Bush administrazioaren porrota irudikatzen du. Irakeko gerra odoltsuari, besteak beste, Libanoko barne gatazka eta Irango krisia gehitu behar zaizkio. Auzi horietan guztietan, era batera edo bestera, konpontzeke dagoen palestinar auzia agertzen da, ala hobe esanda, Washingtonek babesturiko Israelgo nagusitasunak eskualde konplexu horretan sortzen duen arazo handia.
Irango gobernuari mehatxu berria luzatu dio bere agurreko biran buruzagi errepublikarrak. Teheranek kudeatzen duen egitasmo nuklearra bakearen aurkako eraso nagusitzat hartuz, mundu mailan arma nuklearrak desagerrarazteko eginiko lan eskasa estali nahian omen dabil Bush presidentea. NPT deituriko ituna hozkailuan sartu da, eta Estatu Batuek kudeatzen duten suntsipen handiko arma biltegia bete-betea dago. Iran ez da, inondik inora, ekoizle atomiko bakarra, ezta nagusia ere. Nork ezagutzen ditu Israelgo egitasmo nuklearraren nondik norakoak? Estatu juduen arma nuklearren hornitzaile diren Estatu Batuek eta Frantziak?
Ekialde Hurbila arma nuklearrik gabeko eskualdea izateko 1995ean Egiptok aurkeztu eta NPT sinatu zutenek onarturiko proposamena betetzea premiazkoa da. Berdintasun egoera berri horretan, askoz errazagoa litzateke beste akordio mota asko sustatzea.