Manixek 50 puntuetan pentsatzen jarraitzen du
A.U.L. | EIBAR
Sorian eskuratutako puntuari esker sailkapenaren goikaldean jarraitzen du Eibarrek. Izan ere, igandean Sporting-i irabaziz gero, eta gainontzeko hainbat karanbola suertatuz gero, talde gorri-urdinak igoera postuetan amai dezake lehen itzulia.
Eibartarrek baina, ez dute halakorik entzun ere egin nahi. Albiste on guztiak ongietorriak dira, baina diskurtsoa ez da aldatuko ditxosozko 50 puntuak eskuratu arte. «Hainbat taldek, goian egotearen helburuari agur esan ondoren, mantentzea eginda zegoela pentsatu dute, baina gero arazoak izan dituzte. Talde horien esperientziak zerbait esaten digu -azaldu zuen entrenatzaileak-. Eta gainera, gu Eibar gara. Iparra galtzen badugu eta errealistak ez bagara, behin gertatuta zitzaiguna gertatuko zaigu berriro ere. Ezin dugu geure burua engainatu».
Errealista agertzeaz gain, baikortasuna azaleratzen du entrenatzaile eibartarrak egoerak hala ahalbidetuta. «Ez dugu igoeran pentsatzen, baina hor egoteak eta jaitsiera postuetan dauden taldeei hain abantaila handia ateratzeak gure lasaitasuna eta konfiantza handitzen dute».
Markel, arazoekin
Gorri-urdinak, bestetik, bihar hasiko dira Sportingen aurkako partida prestatzen, gaur deskantsatu ostean. Atzoko errekuperazio lan saioan Markel Robles izan zen falta zen bakarra, lunbalgiak jota baitzegoen.
Lekeitiarra, itxura denez, igandean jokatzeko prest egongo da. Ez baina, Carmelo Yuste eta Natxo Insa, zigorra ezarriko baitiete, Sorian jasotako bosgarren txartel horia dela-eta.