GARA > Idatzia > Errugbia

Liga Federala

Donibane Lohizunek eta Maulek maila handia eman dute

Lapurtarrek eta zuberotarrek garrantzi handiko garaipenak erdietsi dituzte. Nafarroak, aldiz, berriro ere galdu egin du eta egoera zailean dago

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA | ASTEASU

Donibane Lohizunek eta Maulek garrantzi handiko garaipena erdietsi zuten herenegun arratsaldean, eta horri esker beren helburuak gertuago dituzte. Nafarroak, aldiz, galdu egin zuen berriro ere, eta Nafarroa Behereko taldearen egoera gero eta zailagoa da.

Bosgarren multzoan, Maulek sailkapeneko azkenekoari egin zion bisita, eta mailari eusteko borroka horretan jarraitu ahal izateko nahitaez irabazi beharra zuen, eta horixe egin zuen, 5-10 menderatu baitzuen aurkaria.

Emaitzak berak erakusten duen moduan, norgehiagokak ez zuen maila handia erakutsi, baina lau puntuak eskuratzeko balio izan zion talde zuberotarrari. Dena dela, ostikoekin hobeto aritu izan balira, aldea handiagoa ere izan zitekeen. Bi entsegu egin zituzten mauletarrek.

Seigarren multzoan, oso partida zaila zuen Donibane Lohizunek, Pro 2 Mailatik jaitsitako Tyrose baitzuen aurrez aurre etxean, Pabilioi Urdinean, eta irabazi egin zuen, 8-7.

Partida hau ere ez zen handi horietakoa izan, baina garrantzitsuena irabaztea zen; horrek balio zuen, eta horixe egin zuen talde lapurtarrak, aurkari gogor baten aurka.

Bi taldeek elkarrekiko errespetu handia erakutsi zuten, eta biei asko kosta zitzaien aurkariaren entsegu marrara inguratzea. Hala ere, euskaldunak oso azkar aitzineratu ziren, seigarren minutuan Indaburuk entsegua lortu baitzuen. Elizondok, ordea ez zuen transformatu, eta markagailua 5-0 geratu zen.

Tyrossen erantzuna ere oso azkar heldu zen, eta hamabigarren minutuan transformatutako entsegua egin ostean partidari buelta eman zion, 5-7koa lortuta. Hortik aurrera, jokoaren erritmoa jaitsi egin zen, eta bazirudien bi taldeek lehen minutuetan galdu zituztela indar guztiak, baina lehen zatiko orduerdia betetzear zegoela, Elizondok zigor-kolpea gauzatu eta neurketa irauli egin zuen, eta 8-7 aitzineratu zen. Bigarren zatian, gauzak ez ziren batere aldatu; bi taldeek kontrol handia izan zuten, ez zuten ia aukerarik egin, eta markagailua ezen gehiago mugitu.

Arrisku handia

Nafarroaren egoera oso arriskutsua bihurtu da, eta hobekuntzarik ez zaio ikusten gainera; kezka ere handitzen hasita dago. Garrantzi handiko partida zuen asteburu honetan, sailkapeneko azkenekoaren zelaian jokatzen baitzuen, eta han irabaztea beharrezkoa zen. Hori-gorriek baina, partida eskasa egin zuten, eta amaieran 28 eta 6 galdu zuten.

Euskaldunak aurreratu ziren markagailuan, Iturririak lortutako zigor-kolpe bati esker, baina gero etxeko taldea gehiago izan zen, eta erraz eraman zuenpartida. Hiru entsegu ere egin zituzten, eta gehiago egiteko ere aukerak egin zituzten. Amaiera aldera Iturririak bigarren zigorra gauzatu zuen, eta emaitza itxuratu besterik ez zuen egin.

Sailkapenari begira jarrita, Maulek bi postu egin ditu gora, eta orain bosgarren postuan jarri da 20 punturekin. Seigarren multzoan, Donibane Lohizunek zegoen lekuan jarraituko du, laugarren postuan, baina une honetan lapurtarrek 29 puntu dituzte.

Nafarroaren egoera da denetan okerrena, eta kezkatzeko egoeran dago, ez baitzaio hobekuntzarik ikusten, eta azken-aurreko postuan dago 14 punturekin. Beste hiru jardunaldi geratzen dira lehen fase hau amaitzeko.

Gernikak gertu dauka Ohorezko Mailarako igoera faserako txartela

Gernikak gero eta gertuago dauka Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatzeko txartela. Bizkaitarrek erraz irabazi dute joan den asteburuan, 8-59 irabazi baitzuen Oviedoren zelaian.

Hernanik garaipen ona eskuratu du, 21-0 garaitu baitu Oviedo etxean, Landare zelaian. Durangok, aldiz, galdu egin du etxean, 7-29 Liceo Frances taldearen aurka. Durangok liderraren aurka galdu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo