Izotz hockeya Superliga
Hormadik Txuri Urdin-i gupidarik gabeko astindua eman dio Angelun
J.L. | BAIONA
Kolorerik ez zen egon, larunbat gauean Angelun, La Barreko izotz jauregian jokatu zen euskal derbian, izan ere, Hormadik erraz gainditu baitzuen Txuri Urdin, eta amaieran 9-2ko emaitza lortu zuen.
Lapurtarra Liga irabazteko aukera gehien duten taldeetako bat da, eta hori argi eta garbi utzi zuen gipuzkoarren aurka jokatutako partidan. Orekarik handiena lehen zatian egon zen. Hor, etxekoek gol bakarra egin baitzuten. Txuri Urdin ongi defendatu zen, eta golen bat lortzeko aukerak izan bazituen ere, etxekoek egin zuten gol hori, eta 1-0 emaitza lortuta joan ziren lehen atsedena hartzera.
Bigarrenean, aldea handiagoa izan zen. Gorri-berdeak gogoz kantxaratu ziren, eta beste lau gol sartu zizkieten zuri-urdinei Donostiarrek ere bat egin ahal izan zuten. Azkenean, 5-1ekoarekin joan ziren bigarren atsedena hartzera. Azkeneko zatian ere gauzak oso tankerakoak izan ziren, eta etxekoek beste lau gol egin zituzten, eta bat donostiarrek. Amaieran, 9-2 jarri zuten markagailua Hormadiren alde. Partidako protagonista, Xabier Daramai izan zen. Jokalari angeluarrak lau gol sartu zituen.
Mailako beste euskal taldeak, Gasteizek, alegia, 1-4 irabazi zuen Madrilen, Majadahondaren izotz jauregian. Arabarrek oso itxura ona eman zuten, eta garrantzi handiko puntuak lortu zituzten. Izan ere, garaipen horri esker, Ligako azkeneko kanporaketak jokatzeko aukerei eusten baitie. Datorren asteburuan Puigcerda hartuko dute, baina hari irabaztea oso zaila izango da.