GARA > Idatzia > Kultura

Leizarragaren «Testamentu Berria» eskuratu du Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak Joannes Leizarragaren «Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria» eskuratu du Londresen, 27.000 euro inguru ordainduta. 1571n helburu erlijiosoarekin argitaratua, euskaraz plazaratutako bigarren liburua da eta hizkuntzari dagokionez garrantzia handikoa, euskara batzeko ahalegina egin zuen itzulpen dotorea baita.

po46_f02_75x96.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, Joannes Leizarragak 1571n argitaratutako Bibliako Itun Berriaren lehen edizioko ale bat eskuratu du Londresko Sotheby's enkante etxe entzutetsuan 20.500 ingeles libera (27.000 euro inguru) ordainduta. Agidanez, enkante etxe ezagunak enkantean jarri zuen obra iragan azaroaren 28an, baina hasierako salneurri altua zela-eta ez zen eroslerik agertu. Ondorioz, Euskaltzaindia enkante etxearekin harremanetan jarri eta akordio baten ondoren, Itun Berria erostea lortu du.

XVI. mende hasieran Lapurdin, Beskoitzen sortua, Joannes Leizarraga erreformari atxiki eta protestante bihurtu zen, Joana III. Albretekoak egin bezala. 1567ko apirilaren 15ean Pauen apaiztu eta Nafarroa Behereko Bastidara bidali zuten apaiz. Bertan hil zen, 1601ean.

Nafarroako Erreginak, Joana Albretek berak, eskatu omen zion Itun Berria eta beste hainbat testu erlijioso herriaren hizkuntzan, euskaraz eman zitzan 1563 inguruan. Hiru liburu argitaratu zituen guztira, Arroxelan hirurak. Lehena eta garrantzitsuena mintzagai dugun «Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria», bigarrena «Kalendrera» eta hirugarrena «ABC edo Kristinoen instrukzionea».

«Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria» itzultzeko Rotterdameko Erasmok Basilean 1516an argitaratu zuen greziar Itun Berriaren latinezko itzulpena eta Pedro Roberto Olivetanen frantsesezko bertsioa erabili omen zituen; lau apaiz izan zituen laguntzaile: Sanz Tartas, Piarres Landetxeberri eta Tardetz zuberotarrak eta Joanes Etxeberri lapurtarra. Lana Pierre Hautinek Arroxelan zuen inprimategian prestatu zuten, 1571ko irailean.

Leizarragaren Itun Berria euskaraz argitaraturiko bigarren obra dugu, hogeita sei urte lehenago emandako Bernart Etxepareren «Linguae Vasconum Primitiae»ren ostean plazaratua. Xabier Kintana euskaltzainaren ustez, obrak garrantzia bikoitza du. Protestante askorekin gertatu zen bezala «Jainkoaren hitza herri-hizkuntzetara itzultzeak aparteko bultzada eman zielako erabilera idatzi gutxiko mintzairei; hainbat kasutan horiexen literaturaren abiapuntu ere izan ziren itzulpen horiek». Bestetik, «Leizarragak, bere itzulpenarekin, euskara batzeko lehen ahalegin serioa egin zuen, euskaldun guztientzako literatur eredu bat proposatu zuen, `lengoajeaz den bezenbatean ahalik gehiena guziei adi eraziteari jarreiki izan gatzaitza, eta ez xoil edozein lekhu jakineko lengoaje bereziri'».

Faksimile argitalpena

1995eko martxoaren 15ean, Nafarroako Kutxak lehen edizioko beste ale bat eskuratu zuen Christie's enkante etxean, Sancho el Sabio Erakundearekin lehia gogorra izan eta 33 milioi pezeta (198.000 euro) ordaindu ostean. Antza denez, noren aurka ari ziren konturatu ez eta batak besteari izugarri garestitu omen zion liburua. Azkenean, eta asko kostata, liburuaren edizio faksimile fidela egin zuen iaz Kutxak, aurki salgai jarriko duena.

EDIZIO FAKSIMILEA

Nafarroako Kutxak lehen edizioko ale bat eskuratu zuen 1995ean, 33 milioi pezeta (198.000 euro) ordainduta. Iaz, liburuaren edizio faksimile fidela egin zuen Kutxak eta aurki salgai izango dugu.

Fitxa

Liburua: `Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria'.

Egilea: Joannes Leizarraga (1506-1601). Argitalpen data: 1571n, Arroxelan (Joana Albretekoak eskatuta).

Prezioa: Euskaltzaindiak Sotheby´sen erosia, 20.500 libera ingelesen truke (27.000 euro inguru).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo