GARA > Idatzia > Euskal Herria

Madrileko legeez baliatuz, herritarren hitza ezeztatu dute leaburu-txaraman ere

Maiatzeko udal-hauteskundeen ondotik Ondarroa eta Mendexa aski ezagunak bihurtu dira, baita Lizartza ere, «apartheid» politikaren ondorioz EAJk, lehenbiziko bietan, eta PPk, hirugarrenean, Alderdien Lege espainolaz baliatuta ez dituztelako herritarrek bozen bidez hautatutako agintariak errespetatu. Leaburu-Txarama ez da ezaguna egin, baina bertako egoera bera da.

p018_f01_249X356.jpg

Gari MUJIKA

Laurehun biztanletara ere iristen ez den udalerri gipuzkoarra da Leaburu-Txarama. Tolosaldeko beste makina bat herrixkatan bezala, ezker abertzalea izan da beti Udaletik herriaren gidaritza lanetan aritu dena, herritarrek hala erabaki dutelako hauteskundez hauteskunde. Joan den maiatzaren 27ko udal bozetan ere ezker abertzalea irten zen garaile. Baina Madrilgo legedi bereziek -kasu honetan Alderdien Legeak- eta auzitegi espainolek inposaturiko debekua zela medio, EAE-ANVko zerrenda «legez kanpo» utzi zuen Estatu espainolak. Hala egin zuten Madrilgo agintariek, eta Ondarroan, Lizartzan edota Mendexan egin bezala, Leaburu-Txaraman ere hortaz baliatu dira herriak aukeratu ez dituen agintariak ezartzeko.

«Pentsamendu eta ideien ilegalizazioaren kontra gaude eta herriko taldeen ilegalizazioa gertatu bada ez da gure erruagatik izan». Esaldi honetan jasotakoak hainbat alderdi politikok esandakoarekin antzekotasun ugari ditu; ez ordea, esandakoak egindakoarekin. Iazko udal hauteskundeak ospatu baino lehenagotik Bide Berriak plataformak aditzera ematen zuen ezker abertzaleko kandidatura legez-kanporatua izateko jomugan zegoela, baita «zauria» egin baino lehenago «benda» ezarri ere. Baina Bide Berriak haratago joan zen, eta bozak irabazi ezean alkatetza ez zuela hartuko ziurtatu zien hauteskunde kanpainan leaburuarrei. Esan, baina bete ez. Egun, Leaburu-Txaramako alkatesa Bide Berriak plataformako zerrendako bigarren hautagaia baita. Zer nolako aldea dagoen, ordea, esandako hitzetatik egindako ekintzetara!

Gestora bat osatzeko akordioa

Azken hogei urteotan Leaburu-Txaramako udal idazkaria izan denak, Jose Martin Deustok bultzaturiko plataforma da Bide Berriak izenekoa. Berrobin eta Belauntzan ere, biak Tolosaldeko herriak, Deusto Iturrik osatu zituen, Leaburu-Txaraman egin bezala, antzeko plataformen hautes-zerrendak.

Maiatzaren 27an, Leaburu-Txaramako biztanleek EAE-ANVrengan jarri zuten Udala zuzentzeko konfiantza. Orotara, 128 boto jaso zituen alderdi ekintzaileak; Bide Berriak-ek, aldiz, 118, eta PPk ere boto bakan batzuk izan zituen. Ez zen beste alderdi politikorik aurkeztu. Gipuzkoako Aldundirako, ordea, bai. Ezker abertzaleak 165 boto jaso zituen, EAJk 33, EAk 16, PSOEk 1, PPk 3 eta Aralar alderdiak 26. Aldundirako alderdi horiei botoa eman zietenek, ordea, Bide Berriak plataforma bozkatu zuten udalerako.

Azken hori EAJk bultzaturiko hautagaitza zen susmoa zuen ezker abertzaleak hauteskundeak baino lehen; gerora, beren ekinbidea dela medio, indar gehiago hartzen joan da uste hori. Ezker abertzaleak bi asteko epea eskaini zien herritarrei Tolosako notaritzan euren sinadura eman zezaten, bozaldiotan parte hartzearren; Bide Berriak-ek, aldiz, azken egunean, «ezkutuan», egin zuen sinadura bilketa. Batzar irekiak deituz osatu zuen ezker abertzaleak udal programa; Bide Berriak-ek ez zuen batzar bakar bat ere deitu. Ezker abertzaleak herriaren beharren inguruko gaiak jorratuz osatu zuen hauteskunde kanpaina; Bide Berriak-ek, ordea, azken 20 urteetan herriko alkatea izandakoaren eta zerrendaburu zenaren aurkako «kanpaina pertsonala» egin zuela ziurtatu du ezker abertzaleak.

«Kanpaina pertsonalizatu» horrek eragindako haserreak albo batera utzi, eta indar politiko garaile gisa, EAE-ANVk Jose Martin Deustoren plataformari bilera baterako gonbita egin zion behin udal hauteskundeak irabazi eta gero. Maiatzaren 30an egin zioten lehenbiziko deialdia, eta ekainaren 5ean, herriko jaiak hasi baino lehenago, egin zuten bilera. Bertan, Bide Berriak-eko kideek beren asmoak bestelakoak zirela agerian utzi zuten, lehen bilera izan omen zen honakoa. Arnaldo Otegiren gisako bitartekariak eramateko esan zien, besteren artean, Jose Martin Deustuk alderdi ekintzaileko kideei. Hasieratik, kanpainan emandako hitza -ez zutela alkatetza hartuko hauteskundeak irabazi ezean- betetzeko asmorik ez zutela agerian utzi zuten. Ezker abertzaleko kideen iniziatibari esker, ekainaren 16ra bitarte makina bat bilkura egin zituzten, baina «ez zen ezer garbirik atera. Azkenean, zertarako eta 182.2 Loreg artikulua ez zutela aplikatuko esateko, «beldurra zutela eta hori eginez gero kartzelara joango ziren argudio txepela emateko!», dio, haserre, GARArekin hitz egindako herritar batek.

Ekainaren 16a, Hego Euskal Herri osoko udalerri guztietan bezalaxe, udala osatzeko eguna zen. Inork ez zuen kargurik hartu. Ekainaren 18an, astelehena, aldiz, Bide Berriak-eko hiru zinegotziek beren karguak hartu zituzten eta beste lauk kredentzialak jaso zituzten, zinegotzi kargurik hartu gabe. Egun horretan, Jose Martin Deustok bi puntutako idazki bat aurketu zuen udaletxean; alkatetzarako hautagairik ez duela aurkeztuko esaten du bertan: «Gure herrian bakean eta gizatasunean oinarritutako bizikidetzan sinisten dugulako, uko egiten diot Leaburu-Txaramako Udaleko alkate izendatzeari».

Gerora ikusi da, hala ere, egun horretan egindako «jokaldia». Izan ere, lau kredentzial horiek hartze hutsarekin, udala gidatu zezakeen gestora bat osatzeko aukerak ixten baitzituzten. Uztailaren 25ean egin zen hurrengo udalbatza; bitarte horretan, «guztiz ilegalki», Bide Berriak-eko hiru zinegotzi aritu ziren udaleko kudeaketa eramaten. Egun horretan, uztailaren 25ean, kargurik hartu ez zuten lau pertsonek karguari uko egin zioten -baina ordezkoak ziren beste bik jaso egin zituzten- eta plenoa bertan behera gelditu zen Bide Berriak eta ezker abertzalea gestora bat osatzeko akordiora iritsi zirelako. Hala jaso zuen egun horretako udalbatzaren nondik norakoak aktan idatzi zituen Leaburu-Txaramako idazkariak.

Hitza ukatu ostean Ertzaintzari deitu

Idazkia, jakina, Gipuzkoako Aldundira iritsi zen. Eta ondorioz, irailean, ezker abertzaleko kideak eta Bide Berriak-ekoak Gipuzkoako Aldundiko Julian Eizmendirekin eta Luis Elizegirekin bildu ziren Donostian. Harridura hutsetik haragoko aurpegia gelditu zitzaien ordezkari independentistei Jose Martin Deustok Aldundiko ordezkariei akordio hori gezurra zela esan zienean. Ondorioz, udal idazkaria ere gezurtiaren pare utzi zuen.

Ekainaren 18an esandakoa eta udal aktan jasotakoa ukatuta, irailaren 20ean Bide Berriak-ek alkatetza hartu zuen. Harrezkero, «bakean eta gizatasunean oinarrituriko bizikidetzari» uko egin zion Deustoren plataformak. EAE-ANVk udalbatza egunetan elkarretaratzeak egiten ditu «herritarren hitza errespetatu» lelopean. Bide Berriak-ek, aldiz, udalbatzetan hitza ukatzetik Ertzaintza bertaratzerainoko erabakiak hartu ditu. Egoera konpontzearren ezker abertzaleak egindako eskaerekin, «hauek ondo portatuz gero», zerbait egingo dutela erantzuten diete. Baina hitzak, Leaburun, haizeak eramaten ditu.

Alkatetzari uko egin zion Jose Martin Deustok, baina, herrialdeko Aldundiak Belauntzako idazkari izendatua zuen. Urtarrilaren 31ean izango da hurrengo udalbatza, eta ezker abertzaleko kideak bertan izango dira Leaburu-Txaramako herritarren hitza errespeta dezatela eskatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo