GARA > Idatzia > Euskal Herria

Behatokia: «Euskarari zartakoa eman dio berriz ere Frantziako Estatuak»

Aste honetan frantziar Estatuko Asanblada Nazionaleko zenbait diputatuk hizkuntza ez-ofizialen inguruan proposatutako bi emendakinak atzera bota dituzte. Behatokiak adierazi duenez, euskarari eta hizkuntza gutxituei beste behin ere «zartakoa» eman diote.

p023_f02_199x108.jpg

GARA |

Lisboako tratatua berresteari begira, aste honetan, Konstituzioa aldatzeko egindako saioetan frantziar Estatuko Asanblada Nazionaleko ordezkariek atzera bota dituzte hizkuntza ez-ofizialei buruzko bi zuzenketa proposamen.

«Berriz ere zartakoa eman diote euskarari, eta gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuei», adierazi du Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak. Izan ere, frantziar Estatuko zenbait diputatuk hizkuntza gutxiagotuen inguruko bi zuzenketa -euskara ere barne zegoelarik- proposatu baitzituzten, eta ez batak ez besteak ez dute aurrera egin.

Bi zuzenketa proposamenak batera eztabaidatu zituzten joan den astearte gauean. Lebranchi andereak eta beste 78 diputatuk aurkeztutakoak, frantziar Errepublikako Konstituzioaren bigarren artikulua aldatzeko eskatzen zuen, frantziar Estatuko ondare diren eskualde hizkuntzen errespetua jasotzeko.

Le Fur andereak eta beste berrogeita zortzi diputatuk aurkeztutako zuzenketan frantziar Estatuko Konstituzioaren 53. artikuluari beste atal bat eranstea proposatzen zuten, hain zuzen ere, Errepublikak Euroituna berretsi ahal izateko ahalmena izan dezan.

Behatokiko zuzendariaren iritziz, bi zuzenketek gutxienekoak asetzeko besterik ez dute balio. Izan ere, «Le Fur jaunak berak bileran esan zuen Euroituna oso modu lausoan berretsi ahal dela», adierazi du Paul Bilbaok. Halaber «inork ez du gogorarazi Nazio Batuetako Eskubide Sozial eta Ekonomikoen Batzordeak gomendioak egin zizkiola frantziar Estatuari neurriak har zitzan», gaineratu du Behatokiko buruak.

Hainbat diputatuk eztabaida hori saihestu nahi izan dute gaiarekin loturarik ez zuelakoan, eta atzeratu beharreko gaia dela berretsi dute. Bilbaok gogorarazi du 2005. urteko urtarrilaren 14an ere antzeko zuzenketak proposatu zirela eta, orduan ere, une desegokia zela adierazi zutela. «Noiz izango da Frantziako Asanbladarentzat une egokia bertako errealitate linguistikoaz edota herritarren arteko berdintasunaz hitz egiteko?» galdetu ondoren, «Nazio Batuen Erakundeak 2008. urtea Hizkuntzen Nazioarteko Urtea izendatu du, ez ote da orain, hizkuntza gutxituen gaia jorratzeko une egokia Urvoas diputatuak adierazi zuen bezala?» gaineratu du.

BATASUNA

Batasunak ere gogor kritikatu du Frantziako Estatuak hartutako erabakia, eta gogoratu du hizkuntzak ez direla folklorea, baizik eta «gure kulturaren eta ondasunaren zati garrantzitsu bat». Horregatik, errektifikazio bat galdegin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo