GARA > Idatzia > Euskal Herria

Guztiak prest, danbor hotsez hiriburua dantzan jartzeko

Gauerdian hasiko dira milaka lagun danborra jotzen. Egun osoz danbor hotsak Gipuzkoako hiriburuko kale eta bazter guztiak alaituko ditu. Lan horretan arituko dira Jose Ramon Mendizabal eta Irene Mujika ere. Lehena Konstituzio plazan; bigarrena Amarako kaleetan barna; lehena, hamazazpigarren aldiz Gaztelubide elkarteko kideekin; bigarrena estreinakoz aterako den Amaratarra danborradarekin Danbor Nagusi lanetan.

p024_f04.jpg

Maider EIZMENDI |

Ez omen du aparteko urduritasunik sumatzen; ez da harritzekoa, hamazazpigarren aldiz parte hartuko baitu Joxe Ramon Mendizabalek Donostia eguna abiaraziko duen banderaren igoera ekitaldian, Konstituzio plazan. Aurtengoa, ordea, berezia izango da; izan ere, Gaztelubide elkarteak 75 urte bete ditu. Gaurko egunez 1934an elkartean afaria egin eta hainbat pertsona bertaratu omen ziren Konstituzio plazara, garai hartan han baitzegoen udaletxea. Zer bururatuko eta bandera igotzea. Bat-batean sortutako ideia hura ohitura bilakatu zen eurentzat eta Udalak ondoren ekitaldi ofizial izendatu zuen. Horrela azaldu du Mendizabalek ohituraren jatorria.

Askok Zarauzko Arraun taldearen entrenatzaile delako dute ezagun, baina baten batek akaso ikusia izango du telebistan, Konstituzio plazan jarrita oholtza gainean, prestu, danborra jotzen.

Lehenengoz irten zen egun hura ez du sekula ahaztuko: «Urduri nengoen, orduan, gainera, Alderdi Ederren jo genuen, Konstituzio plaza berritzen ari baitziren». Urteek bestelako kemena eman diote eta jada larritasun eta urduritasunak ahaztuak ditu: «Jende asko pilatzen da, buru mordoa ikusten duzu eta horrek errespetua ematen du, baina, zalaparta eta burrunba izugarria denez ez duzu apenas non zauden konturatzeko aukerarik ere». Urduri baldin badago antolaketa lanetan aritzeak buruhausteren bat edo beste ematen diolako da.

24 ordutan ez du apenas atsedenik hartzeko betarik izango: «Afaldu eta Konstituzio plazan jo ondoren parranda egingo dut; goizean elkarteko lanak egin eta arratsaldean Zubigain danborradarekin aterako naiz; eguna amaitzeko lagunekin afalduko dut». Ondo planifikatuta dauka eguna. Aurten gainera zorionekoa da, San Sebastian eguna igandea izaki, astelehenean atseden hartzeko aukera izango baitu, jai izango baita hiriburuan.

Danborrada aurreko afariari buruz galdetuta, 1934 urtean hiriko banderaren igoeran aitzindari izan ziren haiek dastatu zuten bera jango dutela adierazi du: zizka-mizkak, arrain-zopa, legatz isatsak, arkume errea eta, postre gisa, izozkia, pastelak eta fruta. Bapo jan zuten orduan eta bapo jango gaur ere. «Orduko historia aztertzen ari ginela egin genuen topo menuarekin eta 1934. urterako nahiko oparoa zela pentsatu eta errepikatzea erabaki genuen». Angulak berriz, merkexeago daudenerako utzi beharko. «Orain lauzpabost urte arte jaten genituen kontsomea eta azpizunarekin batera, baina oso garesti zela pentsatu eta baztertu genituen angulak menutik», kontatu du.

Entseguek ez diete lorik kentzen, azken astean hiruzpalau egunetan aritzearekin nahikoa izaten dute. «Aurten Donostiako Orfeoiarekin batera arituko gara Konstituzio plazan eta horregatik mantsoxeago entseatzen saiatzen ari gara», jakinarazi du. Gainerakoan, eta jantziari dagokionez, egun batzuk lehenago armairutik atera, ondo dagoela ziurtatu eta atontzearekin nahikoa izaten da.

Urtero, sasoi honetan galdera bera egiten diete Gaztelubide elkarteko kideei: Emakumeak noiz danborrari gisa Konstituzio plazako ekitaldi handian? «Elkartea garai berriei egokitzeko eztabaida» abian dagoela nabarmendu du, baina, «elkartearen historiarekiko errespetua izan nahi dugu eta hausturarik eragin gabe aurrera egin. Batzuen ustez azkarregi, beste batzuen ustez mantsoegi», aldaketak aurreikusten ditu, eta ikusiko omen ditugu «emakumeak danborrekin eta baita elkarteko bazkide izaten ere».

Gehientsuenetan aitak semeari uzten dio tokia danborradan. Horrelaxe gertatu zen Mendizabalen kasuan ere. «Ni 1993an irten nintzen lehendabiziko aldiz. Urte hartan, urtarrilaren 4an nire aita hil zen, eta berak danborradan utzitako lekua bete nuen nik bi aste beranduago». Izan ere, ez da batere erraza izaten oholtza gainera igotzen diren Gaztelubide elkarteko 145 bat bazkideren artean leku bat hartzea. Guztiek dakite non eta noren ondoan joan behar duten urtero errepikatzen baitute leku bera.

Hitzordu garrantzitsuagoa

Aurtengoan, ordea, Mendizabalen atzean joan ohi den Manolo Mujikak huts egingo du eta pisuzko arrazoia du horretarako. Alaba, Irene Mujika, aurten estreinakoz irtengo den Amaratarra danborradako Danbor Nagusia da eta nola moldatzen den ikusi nahi du nonbait. Urduri dago Irene eta egindako lan guztiaren emaitza auzotarrei erakusteko gogotsu.

Iaz bururatu zitzaion gazte talde bati danborrada berri bat sortzea. Auzoan dagoen Recreo tabernan biltzen diren gazte koadrilak elkarrekin ateratzea ideia ona iruditu zitzaien, eta zerrendak zabaldu zituzten jendeak izena eman zezan. Deialdia inondik ere arrakastatsua izan zen, eta zerrendak itxi behar izan zituzten, «lehen urtean irteteko ehun bat lagun nahikoak» direlako. Udan iritsi zitzaion Ireneri Danbor Nagusi izateko proposamena eta ez zuen birritan pentsatu baietz esan aurretik. Txiki-txikitatik bizi izan du Irenek danborrada etxean eta Danbor Nagusi izateak esanahi berezia du berean. «Nire aitona Manolo Mujika, Gaztelubide elkarteko Danbor Nagusi izan zen 1974an hasi eta 1994 arte, bera izan zen Juan Mari Abad-i lekukoa eman ziona».

Etxean ilusioz hartu dute, beraz, Ireneri egindako gonbita: «Segituan aitonaren bideoak armairutik atera eta ikus nitzan eman zizkidaten. Lehen ere ikusiak nituen, baina orain arreta handiagoz aritu naiz begira, nola zuzentzen zuen ikasteko». Gaur gauean aita ez ezik, ama, izeba, osaba eta anaia ere joango dira Amarako kaleetan barna egingo duten ibilaldian bera ikustera.

Diru gehiegirik ez eta nola edo hala gastuak ahalik eta gehien murriztu dituzte. «Gure helburua batez ere, ondo pasatzea da, eta jendeak ondo pasadezan ahalegintzea, eta horretarako ez dugu jantzi ikusgarririk behar».

Azaroaz geroztik ari dira entseguak egiten. «Bada sekula irten ez den jendea eta beraz entsegu gehiago egin behar izan ditugu oraingoan». Hala eta guztiz ere, egindako lanarekin gustura dagoela dio eta euririk egin ez dezan eskatu du, «hori baita gure esku ez dagoen gauza bakarra».

Estreinakoz irteteak eragiten dituen nerbioekin bata; eta eskarmentuak ematen duen lasaitasunarekin bestea, biek hogeita lau ordu herria burrunbaka egon dadin emango dute eguna.

menUA

Gaztelubide elkartean, 1934an sortu zenean jan zuten menu bera izango dute gaur. Ez dute angularik, baina goseak gelditzeko inolako asmorik ere ez.

AITONA

Irene Mujika, Amaratarra danborradako Danbor Nagusiak, txikitatik bizi izan du Donostia Eguna etxean. Aitona, Manolo Mujika, Gaztelubide elkarteko Danbor Nagusia izan zen luzaroan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo