Endika Rodriguez STEE-EILAS
Noizko %6a hezkuntzarako?
Euskal hezkuntza sistemaren emaitzak itxurosoak badira - horretan gaude-, baina ez erakundeek egindako gastu publikoagatik. Aitzitik, gastu publikoa horrelakoa izan arren, itxurosoak dira
Eusko Jaurlaritzak gure hezkuntza sistemari buruz duen diskurtso ofíziala erabat triunfalista izaten da, batez ere bi ardatzen inguruan: «ahalegin inbertitzaile handia» eta «eskuratutako emaitza onak». Bitxia bada ere, alderaketak ez dira Europari begira egiten, Estatuko beste erkidegoei begira baizik. Europarekiko konbergentziaren mezua gustuko esparruetan baino ez dute erabiltzen eta hezkuntzarena ez omen da horietako bat. Jendaurrean inor ez da hezkuntzaren balio handia kolokan jartzeko bezain inozoa eta, beraz, hitzetik harago joan behar dugu eta egindakoari erreparatu. Erakundeek hezkuntzarekiko duten konpromiso maila era objektiboan neurtzeko bide bat besterik ez dago: hezkuntza sistemarako bideratzen dituzten giza baliabideak eta errekurtso ekonomikoak aztertzea, hain zuzen ere. Beste batzuk badaude ere -BPG biztanleko edota gastua ikasleko-, adierazle orokor nagusienetakoa BPGtik hezkuntzara bideratutako portzentajea da, honela egindako inbertsioa aberastasunaren arabera alderatu baitaiteke nazioarte mailan.
Eztabaida honetan, ezin ahatz dezakegu gure iritziaren kontra egingo den Abiadura Handiko Trena, non dirutza itzela sartuko den. Halere, Eusko Jaurlaritzaren beste ekimenak ere nahiko adierazgarriak izaten dira, hala nola I+Gko Europako 15en inbertsioen batez bestekoa 2010erako berdindu ez ezik, gainditzeko konpromisoa. Horrela esparru horretan egingo den inbertsioa hirukoiztu egingo da hiru urtean, BPGren %2,25era helduz (Europako batez bestekoa %1,7an dago). Zergatik ez hezkuntzan horrelako konpromisorik?
Ez dute onartzen dugun hezkuntza arloko gastu publikoaren egiturazko defizita dagoenik Europarekiko eta, beraz, ez dute horri aurreko egiteko asmorik. Hortxe dago gakoa! Defizit hori, gutxienez, bi puntukoa da BPGri dagokionez. Horrek ekarriko luke aurten Hezkuntza Sailaren 2.400 milioi euroko aurrekontuari, beste 1.300 milioi gehitu beharko genizkiokeela. Hezkuntzarako gastu publikoa 2006ko EAEko BPGren %3,5 zen, eta Europako batez bestekoa (27 herrialdeena) %5,4 zen. Punta-puntako herrialdeekiko, parekatzea are eskandalugarriagoa da: Suedia %7,4 eta Norvegia %7,6... Gure gastu publikoaren hazkunde erritmoa sortzen dugun aberastasunarena baino motelagoa da. Datu hau kezkagarria izanik ere, kezkagarriagoa da jakitea gastu horren moteltzeaz edo gelditzeaz hitz egin barik, etengabeko murrizte prozesuaz hitz egin beharko genukeela. Izan ere, konbergentziatik hurbilen ibili ginen urtea 1993a izan zen, urte hartan BPGren %4,3ra iritsi baikinen.
Beste aldetik, aurrekontuari buruzko politika horrek talka egiten du Europa eta mundu mailan ezarri diren ildoekin. Lisboako Hitzarmenek (2000 urtekoa) 2010erako BPGren %6ra iristeko konpromisoa jasotzen dute. Konpromiso horrek ez al ditu gure erakundeak lotzen?
Hezkuntza Sailaren aurrekontua, proiektuaren arabera, 2.424 milioi eurokoa da. Orokorra %13,7 igotzen da (%11,3, AHTren eraginik gabe) eta adierazgarria da hezkuntzakoa %7,6 baino ez igotzea; Nafarroan, ordea, %11,9 igotzen da. Hain zuzen ere, dela gizarteak eskolari egiten dizkion eskaera berriak, dela LOE edo Ley Orgánica de Educación izeneko hori ezartzearen ondorioz, euskal hezkuntza sistema aldaketa garaian dagoenean, aurrekontuek ez dute behar adinako mailarik ematen. Seriotasun eta zorroztasun falta Euskal Curriculuma garatzeko bakarrik 600.000 euro aurreikusten direnean eta beste horrenbeste hizkuntza eredu berrientzat, edo 100.000 euro geletan bizikidetza lantzeko. Eta zer esan endemikoa bihurtu den inbertsio faltari buruz? Estrategikotzat eta berezitzat saltzen digute ikastetxe publikoetarako azpiegituren plan berri bat, plan horrek hartutako konpromisoei baino ez dienean erantzuten, sistemaren eskaera errealak eta ikastetxeetako eskaerak berriro ere airean gelditzen direla.
2008. urteko aurrekontuak, aurreko urteetakoak bezala, erabat kontinuistak dira, gobernu programa bati lotuta. Urtez urte hezkuntza pisua galtzen doa Jaurlaritzako beste sailekiko. Zehazkiago, hiru puntu (bere pisuaren %10) galdu ditu azken 6 urteetan, aurrekontuaren %27,6 izatetik 24,3 izatera igaroz. 2003-2008 aldian aurrekontu orokorra %60 igo bada ere, hezkuntzakoa %40 baino ez da igo. Hezkuntzako gastu publikoa BPGren %3,7 izatetik (2003an) %3,5 izatera pasa zen 2006an. Datu latzak, hausnartzera bultzatu beharko gintuzketenak.
Eta Estaturantz begiratuz gero -hara esaten digutelako begiratzeko-, PPren gobernuaren ondotik erkidego autonomo asko eta asko joan dira igotzen bere BPGren portzentajea. Horrek ez du esan nahi PSOEren gobernuaren jarduera ona izan denik, baina 2005ean Estatuko hezkuntzako gastu publikoaren batez bestekoa BPGren %4,3koa zen, hemengoa baino 0,8 puntu gehiagokoa. Esaterako, Hezkuntza Ministerioaren aurrekontuak nahiko igo ziren 2006an (%19) eta 2007an (%26,1). Hezkuntza Sailekoak Europan eta Estatuan daramaten kontrako norabidean doaz.
Dirudienez, oraindik lan handia dugu aurrean gure politikoak hitzetatik ekintzetara pasarazteko. Egun hori heldu bitartean, lanean jardungo dugu gure hezkuntza sistema hobetzeko, sentsibilitate falta hori salatuz. Finean, euskal hezkuntza sistemaren emaitzak itxurosoak badira -horretan gaude-, baina ez erakundeek egiten duten gastu publikoagatik. Aitzitik, gastu publikoa horrelakoa izan arren, itxurosoak dira; eta horrelakoak dira, batez ere, irakaskuntzako langileen konpromisoari eta profesionaltasunari esker.