Ziripotekin eta Basazabalekin 22 talde izango ditu Azpeitian danbor festak
Asteak dira Azpeitian danbor hotsak aditzen hasi zirela, eta gaur gauean abiatuko dira, azkenean!, herritarrentzat hain hunkigarriak diren sansebastianak. Helduen danborradan aterako diren 22 taldeak gogotsu daude. Inurriak sabelean gora eta behera dituzte, bereziki estreinakoz parte hartuko dutenek, Ziripot eta Basazabal elkarteetako lagunek.
GARA |
Bestetan baino gehiago entzun da aurten Urola Kostako herrian San Sebastian martxa. Izan ere, bi talde berri aterako dira aurten helduen danborradan eta saio gehiago egin dituzte horiek eskatuta. Udalak antolatuta sei entsegu egin dituzte Izarraitz pilotalekuan; joan den astean hiru eta aste honetan beste hiru. Horietako batean hamasei elkartetako kide banak sansebastianetan eranskinak jarrita, euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarrikapena soinean eramateko eskatu zuten, «Euskal presoak Euskal Herrira! Dagozkien eskubideen jabe» leloarekin egindako agerraldian.
Danborra jotzeari lehenago ekin zionik ere izan zen. Ziripot elkarteko lehendakari Tomas Ugaldek azaldu duenez, beraien taldean denak edo ia denak berriak dira, danborradan sekula atera gabekoak eta, horregatik, irailean hasi ziren beren kasa astean behin elkartu eta elkar- tean saiatzen. «Urduri samar geunden beste taldeekin batera saiatzeko, baina itxuroso ari garela uste dut», adierazi du. 44 danborrari aterako dira, zuzendaria, haren 11 urteko iloba ere zuzendari lanetan, sei kantinera eta banderaduna. Guztira 46 lagun, erdiak neskak eta erdiak mutilak. «Koadrila handia gara eta betidanik izan dugu elkarte gastronomiko bat osatzeko nahia. Hiru koadrila elkartu ginen eta 55 lagunen artean ireki genuen elkartea, 2006ko uztailaren 30ean, saninazioetan. Orduan 2008ko danborradan ateratzeko baimena eskatu genion udalari, 2007rako ez baitzuen astirik ematen», kontatu dio Ugaldek GARAri.
«Batzuentzat behintzat Azpeitiko festatik onenak dira sansebastianak. Txikitatik atera izan gara danborradan eskolarekin eta egun berezia da, hunkigarria», gaineratu du. Txikia zenean mikelete jantziarekin ateratzen zen Ziripoteko lehenda- karia, eta gaur gauean berriz ere arropa tradizional hori izango du soinean. «Jantzi hori aukeratu genuen gure taldekook, umeenean bai baina helduen danborradan ez dagoelako mikelete- rik», argitu du.
Elkarteko 18 bazkide dira danborradan aterako direnak, eta gainerakoak lagunak eta seni-deak dira. Bi neska aritu dira lanean buru-belarri, Mertxe eta Maria ahizpak, eta eskerrak eman nahi izan dizkie Ugaldek. «Horiek bai sentitzen dutela danborrada!».
Egitarau betea
Helduen danborrada Olazko Amaren Enparantzatik irtengo da 22.15ean eta herriko kaleetan barna ibiliko da. Ibilbidean San Sebastian martxa joko du parrokiaren aurrean. Gauerdian, berriz, Enparantza Nagusian elkartuko dira talde guztiak eta danborrada doinuak joko dituzte. Urtero legez, euskal preso politikoei babesa erakutsiko diete bertan.
Bihar haurren txanda izango da. 12.30ean irtengo da txikien danborrada Aranetik eta Hartzubiatik, Saioa Imazek Juan de Antxieta Musika Eskolari eskainitako gurdi ikusgarriarekin. Eskola honek 25 urte bete ditu. Ia hamabi ordu geroago, gauerdian, Gure Ametsa, Ardozaleak, Mendizaleak eta Barratsu elkarteek, Udal Musika Banda lagun dutela, bandera jaitsiko dute.
Orain arte alkateak igo izan du herriko bandera talde guztiak plazan elkartzean, baina gaur bestela izango da, herritarrei, eta bereziki danborradako parte-hartzaileei, tokia egingo baitiete jaien hasieraren seinale den ekitaldian. Hala, Itsasiko helduen danborrada taldeko lagunek eta Jose Luis Frantzesena musikariak izango dute Iñaki Errazkin alkatearekin batera bandera igotzeko ohorea. Itsasi dantza taldeak 25. aldiz parte hartuko du danbor festan eta Frantzesenak, piezak sortzeaz gain lan handia egin du zuzendari gisa. Horregatik aukeratu dituzte. GARA