ZIKLOKROS
David Secok Mundialeko Txapelketaren azken txartela jokoan du Ispasterren
U.I. | BILBO
Ispasterreko eta Iraetako lasterketek itxiko dute Euskal Herriko neguko egutegia. Bizkaian, nazioarteko ziklokross lasterketa egingo da igandean. David Secok eta Isaac Suarezek Mundialerako azken bi txartelak jokoan dituzte.
Hermida txapeldunak, Suarezek, Ruiz de Larrinagak, Secok edota Yusek beste behin ere indarrak neurtuko dituzte Ispasterren, pasa den igandean Villarcayo-n lehiatu ondoren. Italiako Mundialari begira, Secok Suarez gainditu beharko du. Bizkaitarra eta kantabriarra Berriatun bilduko dira asteburuan, baita Espaniako selekzioaren hautatuak ere, Trevison, lehiatzeko. Secok seigarren garaipena bilatuko du Ispasterren.
Ipargorri Kirol Elkarteak 80 partaide inguru bilduko ditu elite sailean, 14 atzerritik etorriak. Izen aipagarria Labbe da, frantsesak iaz irabazi egin baitzuen. Azken orduan Huys lehiatuko da, Belgikako Txapelketan 23 urtekoetan hirugarren sailkatua.
Ibilbidea betikoa izango da, gune arriskutsuena besterik ez dute kendu, eta 1.650 metro izango du belarretan eta 950 errepidean. Elitekoak eta 23 urtetik beherakoak 12.15etik aurrera arituko dira.
Larunbatean, ordea, Yus -iazko irabazlea- eta Ruiz de Larrinaga txirrindulari arabarrak lehiatuko dira Iraetan. Iazko ibilbide bera izango da, futbol zelaiaren alboan eta guztira, 2.000 metro zelaian, eta beste 400 bidean eta errepidean. Masterrak eta neskak 10.00etan hasiko dira; kadeteak 11.00etan; juniorrak 12.ooetan eta elite eta 23tik beherakoak 13.00etan.